Abizenaren afera oholtzara
'Sagastitarrak' antzezlanarekin hasiko da Antzerki Garaia zikloa, bihar, Beasaingo Usurbe antzokian. Sarrerak Usurbeko webgunean eta leihatilan eros daitezke.
Familia nortasuna, aurreiritziak, printzipioak, kontraesanak edo koherentzia dira ostiralean, Antzerki garaia zikloaren irekieran taularatuko diren kontzeptuak. Sagastitarrak (Txalo, 2022) du izenburua, Begoña Bilbaok zuzentzen duen antzezlen bat da, eta Joseba Apaolaza aktore urretxuarrarekin batera, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri oholtzaratuko dira. Ramon Maudalaren katalanezko Els brugarol obran oinarrituta, Martin Agirrek euskal errealitatera moldatu du, abizenaren bueltan sortzen den afera ardatz duen antzezlan hau.
Anton Sagasti, Sagastitarren patriarka gorpuztuko du Apaolazak. «Tradizio handiko estirpe bateko burua da Anton Sagasti, eta obraren ardatza da, jakiten duela, bere alaba abizena aldatzeko asmoarekin dabilela», dio urretxuarrak. Ane, alaba, Ainhoa Etxebarriak antzeztuko duena, ekintzaile feminista da, eta umetatik jarri zioten abizenen hurrenkera auzitan jartzen hasi da. Uste du, patriarkatuarekin amaitzeko, mundura ekarri gaituen amaren abizena hartu behar dela. Aitak, «alabak atzera egin dezan, baliatuko ditu estrategia desberdinak; nagusiki, bere suhia dena konbentzitzen saiatuko da». Suhiaren papera, Koldo Olabarrik egingo du.
Hausnarketarako komedia
Dagoeneko baditu plaza batzuk Sagastitarrak antzezlanak, eta Apaolazak nabarmendu duenez «gustura gaude orain arte izandako harrerarekin» eta «pixkana-pixkana hazten ari den proiektua da». Lankideekin «pozik dago. Hiru aktoreek aurrez ere elkarrekin lan egin dute; «oso atsegina da berriro elkarrekin oholtza gainera igotzea, gazteak dira energiaz eta ilusioz beterik baitaude».
Ostiralean Usurbe Antzokian ikusi ahalko den antzezlanera itzuliz, gaurkotasunezko gai baten inguruan hausnarketa egiteko gonbita da komedia honen helburuetako bat: «Konturatu gara familia askotan ematen den egoera bat dela abizen aldaketarena».
Sagastitarren estirpeari eusteak sortzen duen arazoaz harago, «erakusten du ere bi belaunaldi eta bi pentsatzeko moduen arteko talka bat».
Apaolazak aipatu gabe ez ditu utzi nahi Sagastitarrak antzezlanean lantzen diren beste gai batzuk; «armagintza, homosexualitatea,…». Ordu eta erdi inguru irauten duen obra honek, «barrerako bai, baina eztabaidarako eman dezaketen gaiak lantzen ditu», horrela definitu ditu, guztiei gonbita luzatuz.
Sarrerak, 12 euro balio du. Aldez aurretik eta egunean bertan eros daitezke www.usurbe.eus webgunean eta Usurbe Antzokiko leihatilan.
Hurrengoa, Ordizian
Antzerki Garaia zikloa, Beasaingo eta Ordiziako udalek elkarlanean antolatzen duten programa bat da. Aurtengo zikloa, Beasainen hasiko da, baina hurrengo saioa, Ordiziako Herri Antzokian izango da, urtarrilaren 20an, ostiralean.
Egun horretan Txalo konpainiaren beste lan batez gozatzeko aukera izango da; Hobe ixilik! du izenburua, eta Itziar Ituño eta Ramon Agirre dira protagonistak, Salome Lelouch egilearen obra honetan. Entseguetan Begoña Bilbao zuzendariaren esanetara izan dira biak ala biak.