Juan Kruz Fernandezen 40 urteko ibilbidea ospatzeko, erakusketa berria ile apaindegian
Urtarrilean eta otsailean zehar egongo da ikusgai, hamabost artisten lanekin osatuta.
Juan Kruz Fernandez ile apaintzaile legazpiarrak 40 urte bete ditu lanbide horretan, eta urteurren hori ospatzeko, kutsu berezia eman dio Legazpiko Kale Nagusiko ile-apaindegian bi hilabetero jartzen duen arte erakusketari. Oraingoan, bere artelan bildumatik aukera bat egin eta hainbat lan jarri ditu ikusgai urtarrila eta otsaila bitartean.
Erakusketan ikusgai daude honako artista hauen lanak: Miguel Angel Alvarez, Zumeta, Peio Goello, Pelex, Joxan Iza, Juan Mari Burguera, Olatz Goiburu, Roberto Oria, Maixabel Valhondo, Sergi Olivares, Oscar Pereira, Moncho Trullos, Edu Arrillaga eta Gorka Salmeron.
Artista horietako batzuek oparitutako lanak eta berak erositako beste batzuk dira, Fernandezek erakusketarekin batera kaleratu duen txartelean azaldu duenez. Bertan, 40 urteetan zehar izan dituen bezeroei esker ona helarazten die, eta lokalean jartzen dituen erakusketei buruz ere hitz egiten du: “Gustura ibili naiz erakusketak antolatzen, lagun onak eginez, eta benetako pertsona eskuzabalak ezagutuz. Datozen urteetan bide beretik jarraituko dut. Eskerrak legazpiarroi eta artista lagunei ere!”.