Tenperatura altuak eta euri gutxi, 2022ko meteorologiaren ezaugarri nagusiak
Iazko balantze meteorologikoa kaleratu du Legazpiko Udalak, eta datuak, orokorrean, Goierri osora estrapolatu daitezke. Urtegiak ez dira betetzen.
Legazpiko Udalak urtero kaleratzen duen balantze meteorologikoak erakusten duenez, 2022a tenperatura altuko eta euri gutxiko urtea izan da. Goenaga inguruko estazio meteorologikoan jasotako datuak daude baieztapen horien atzean, eta orokorrean, Goierri osora estrapolatu daitezke.
Alonso Frances udal aparejadorea arduratzen da 1993tik Legazpiko datu horiek egunero biltzeaz, eta Aemet estatuko meteorologia agentzira helarazteaz. Urtea amaitzearekin batera, txosten bat ere osatzen du urtero Francesek.
Tenperaturek, gora
Legazpin, iazko urtea aurrekoa baino epelagoa izan zen: batez besteko tenperatura 14,04 gradukoa izan zen, eta 2021ean 13,28 gradukoa. Tenperatura altuena ekainaren 18an eta uztailaren 18an neurtu zen, 40 gradurekin, eta baxuena urtarrilaren 21, 22 eta 23an, -3 gradu. Bestetik, abuztua izan da hilabeterik epelena, batez besteko 22,14 gradurekin, eta urtarrila hotzena, 6,02 gradurekin.
Francesen txostenean jasotzen denez, Legazpin datu meteorologikoak jasotzen direnetik, 1946tik, erregistratu den hirugarren altuena da 2022ko batez besteko tenperatura: 1961ean 14,39 gradukoa izan zen, eta 1964an 14,22 gradukoa. Urte hauetako guztietako maximoa, berriz, 1968ko ekainaren 30eko 43 gradukoa izan zen.
Termometroaren beste muturrari begiratuz, minimoa 1985eko urtarrilaren 6an erregistratu zen, -15 gradurekin.
Euri gutxiago
Euriari dagokionez, 974,80 litro besterik ez ziren jaso, aurreko urtean baino askoz ere gutxiago (1.474,70 litro). Kopuru horrekin, 1956tik aurrerako batez bestekoa 1.536,7 litrotan geratu da, duela bi urte baino beherago, orduan 1544,1 litrokoa izan zelako.
Iazkoa bigarren urte lehorrena izan da Legazpin, 1946tik. Ordutik, 1989. urtea izan da lehorrena, 952,20 litrorekin.
Gainerako fenomeno meteorologikoen atalean, elurra aipatu behar da, ez zuelako ia egin: hiru egunetan egin zuen, eta batean bakarik zuritu zen Goenaga ingurua.
Urtegiek lehor jarraitzen dute
Prezipitazio eskasiaren ondorioak Barrendiolako urtegian ikus daitezke. Garai honetan bete-betea egon ohi da, baina atzo bere edukieraren %67,10 bakarrik zuen beteta, eta alerta egoeran dago.
Goierriko beste bi urtegiak ere antzera daude: Arriaran %50,23arekin, alerta egoeran dago, eta Lareo, %54,54ko edukierarekin, larrialdi egoeran.