Mediku postua mantentzeko eskatuz sinadurak bilduko dituzte gaur eta bihar
Plazan egongo dira gaur goizez, eta bihar Laubiden. Osakidetzak ez du momentuz bete erretiroa hartu duen medikuaren postua, eta Osasun Zentroa bost medikurekin dago orain.
Legazpiko Osasun Zentroan erretiroa hartu duen medikuaren postua mantentzeko eskatuz Buztintegi elkarteak abiatu duen sinadura bilketa kalera eramango dute gaur, azoka eguna dena baliatuz. Gaur, 09:30etik 11:30era egongo dira plaza inguruan, Urbeltz pilotalekuaren aurrean eta Kale Nagusiko Erroskiren sarreran, eta bihar 11:30etik 13:30era, Laubiden. Kasu guztietan, izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia eman beharko dira.
Izaskun Bengoa medikua jubilatu eta gero, Legazpiko Osasun Zentroa bost familia medikurekin geratu da, Osakidetzak momentuz ez duelako postu hori berriz bete. Komunikabide honek galdetu dio Osakidetzari horren inguruan, baina oraindik ez du erantzunik jaso.
Erretiratu den medikuaren pazienteak gainerako medikuen artean banatu dira, eta lehen batez beste 1.200-1.300 bazituen bakoitzak, orain 250 gehiago hartu behar ditu, hau da, 1.500 inguru. Horrek, legazpiarrengan eragina izango duelakoan dago Buztintegi, eta horregatik abiatu du sinadura bilketa.
Sinadura orriak Gizarte Zentroan daude, baita herriko hainbat dendatan eta tabernatan ere.