Urolako trenari buruzko diapositiba emanaldia egingo dute gaur Legazpin
'Iraganera bidaia' izenburuarekin, 20:00etan izango da Kultur Etxean. Sabino Legarda-Ereño da egilea, eta Ignacio Galdona trenbideko langile ohiak aurkeztuko du.
Urolako trenari eta haren bidaiariei eta inguruari 1980eko hamarkadaren hasieran ateratako diapositibak aitzaki hartuta, Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak nostalgiaz beteriko ikus-entzunezkoa eskainiko du gaur, trenbide hartako langilea izan zen Ignacio Galdona urretxuarrak lagunduta. Iraganera bidaia izeneko diapositiba emanaldia 20:00etan izango da, Kultur Etxeko areto nagusian.
Trena bera, geltokiak, bidaiariak, Urola ibaia, itsasoa… Urolako trenaren Zumarraga eta Zumaia arteko ibilbidearen inguruan sortu zen ekosistema da diapositiba sorta honen muina, eta duela 38 urte itxi zuten trenbide hura gogoratzeko eta ezagutzera emateko helburuarekin berreskuratu du Legarda-Ereñok. Diapositiba emanaldia izango da, eta Angel Muruaren laguntzarekin ganbara batetik erreskatatutako proiektorearekin egingo du, Jose Mari Azpeitiak aukeratutako musikaz lagunduta.
Urolako trenbideko langilea izan zen Galdonak aurkeztuko du emanaldia. Haren itxialdiak eragindako kalteek eta trena berriz ere martxan jartzeko aldarrikapenak bizirik dirautela azalduko du Galdonak, besteak beste.