Txerri hilketaren festa, Extremaduratik Legazpira
La Bellota elkarteak extremadurar kulturaren zabalkunderako egin duen lanaren emaitza da igandean Azokan egingo duten festa gastronomikoa. Txerrikia izango da jateko, ogi-mamiekin batera.
Industrializazioak langile mugimendu handia eragin zuen XX. mendearen erdi aldean, eta Espainiako herrialde batzuetatik asko eta asko etorri ziren lan eta bizimodu hobe baten bila Euskal Herrira. Legazpira, Patrizio Etxeberriaren lantegiak erakarrita, Extremadurako familia ugari iritsi ziren, eta asko hemen bizi dira oraindik.
Jaioterritik alde egin zutela urte dezente igaro badira ere, ohiturak, hitzegiteko era, hitzak, oroitzapenak… oso presente dituzte extremadurar horiek. Are gehiago, elkartzeko txoko bat dutenetik. La Bellota Extremadurar Zentroa du izena eta San Ignazioko eskola zaharretan du egoitza. Duela 27 urte sortu zutenetik hango ohiturak legazpiarrekin elkarbanatzeko lanean dihardu. Besteak beste, txerri hilketaren festa antolatuta.
Asteburuan ospatuko dute festa hori aurten, pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren. Bihar bazkaria egingo dute bazkideek elkartean bertan, eta igande goizean eta eguerdian Azokara eramango dute festa, legazpiar guztiekin ospatzeko.
Festa gastronomikoa
Asteazken arratsaldean Ana Sanchez, Francisca Caballero eta Pepe Flores La Bellotan elkartu ziren. Odolkiak eta ogi-mamiak egiteko tipula eta baratxuria zuritzen eta txikitzen aritu ziren. Izan ere, txerri hilketaren festak kutsu gastronomikoa du erabat, eta hemengo txarribodaren parekoa dela esan daiteke.
Garai batean txerria hazi eta hil ere egiten zuten, baserri batean. Baina orain, osasun eskakizunak tarteko, hilda eta zatitzeko prest ekartzen dute. Gaur arratsaldean iritsiko da, ehun bat kilo ingurukoa, eta ohiturari jarraituz, zatitu eta biharko bazkarian eta igandeko festan jateko prestatuko dute.
Odolkiak ere egingo dituzte, barazki odolkiak. morcilla de lustre deitzen diete Badajozen (Extremadura). Hemengoen antzekoak dira, baina biziagoak, besteak beste, mendafina daramatelako. Horiek, biharko bazkarian dastatzeko izango dira, txerri hezurrekin eta urdaiarekin egositako txitxirioekin eta azarekin batera.
Azokako festaren osagai nagusia, berriz, txerrikia izango da. Besteak beste, hirugiharra, xerrak eta txorizoa egongo dira salgai. Extremadurako beste jaki tradizional bat dastatzeko aukera ere izango da: ogi-mamiak, zuriak zein gorriak. Horiek ere aurreko egunetan prestatzen jardun dute, ehundik gora ogi-barra zatitu eta lehortzen jarrita.
Musikarik ere ez da faltako. Elkarteko Sones de Extremadura taldeak zuzenean jarriko duena.
La Bellota, 80 bazkiderekin
Festa ezaguna da legazpiarren artean Extremadurako txerri hilketarena. La Bellota elkarteak hango kultura zabaltzeko egindako lanaren emaitza da. Kultur astea ere antolatu izan dute. Urrian izango da aurten.
Elkarteak 80 bazkide inguru ditu, gehienak extremadurar jatorrikoak. Elkarte gastronomiko baten funtzionamendua du. Baina bazkideek udalaren babesarekin antolatzen diren ekitaldietan ere lagundu egin behar dute.