Azkeneko bonu kanpainak 144.000 euroko diru sarrerak eragin ditu Ordiziako establezimenduetan
Azaroan 50 euroko 1.500 bonu jarri zituzten salgai, 30 euro ordainduz, eta egun eta erdian bukatu ziren. 74 establezimendutan erabili dituzte erosleek.
Azkeneko bonu kanpainak 144.000 euroko diru sarrerak eragin ditu Ordiziako establezimenduetan. Ordiziako Udalak iazko urte amaieran jarri zuen martxan bonu kanpaina, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei laguntzeko asmoz. 30 euro ordainduz, 50 euroko balioa zuen bonu bakoitzak. Azaroan aurkeztu zuten kanpaina, eta orduan aurreikusi zuten diru-sarrera 75.000 eurokoa izan zen. Zifra ia bikoitza izan da.
Zehazki, 144.298,76 euroko diru sarrera eragin du, udalak azaldu duenez. 50 euroko 1.500 bono jarri zituzten salgai azaroaren 7an, eta egun eta erdian amaitu ziren guztiak. Abenduaren 31ra arte erabili ahal izan ziren. Bonuen deialdira 74 establezimendu atxikitu ziren, eta saltoki guztietan trukatu zen bonuren bat. Bono bakoitzarekin egindako batez besteko gastua 96,20 eurokoa izan da.
Gehien bat jantzi denden sektorean erabili dira, eta ondoren ileapaindegi-estetika sektorean eta ostalaritzan. Bonuak erosi dituzten bezeroen ia %58 emakumeak dira, eta %42 gizonak. Adinari dagokionez, 50 eta 70 urte arteko bezeroek erosi zituzten bonu gehien. Gaur aurkeztu dituzte kanpainaren emaitzak Ordiziako Plaza Nagusian.
Maitane Alvarez Ordiziako alkateordearen esanetan, «oso harrera ona» izan du bonu kanpainak urte amaieran. «Ez genuen espero horren azkar salduko zirenik, baina jendea zain zegoen eta segituan agortu ziren. Eguberrietako erosketak egiteko oso baliagarriak izan dira askorentzat». Ebaluazioetan ekarpen eta proposamen berriak jaso dituzte, etorkizuneko kanpainetan hobetu ahal izateko kontuan hartzekoak. Merkatariak eta herritarrak gustura agertu dira.
Bonuen %87,5 ordiziarrek erosi zituzten. Beste herrietako bezeroen artean, aldiz, beasaindarrak, zaldibiarrak, itsasondoarrak eta lazkaotarrak izan dira bonuak gehien eskuratu dituztenak, hurrenez hurren.