Joseba Irazoki eta Petti, D'elikatuzen, otsailaren 2an
19:00etan hasiko da kontzertua. Joseba Irazoki eta Lagunak & Petti lana aurkeztuko dute Ordizian Berako musikariek, abenduaren 2an kaleratu zutena Bonberenea Ekintzak-en eskutik.
Ordiziarrock Ordiziako musika jaialdia 20. aldiz ospatuko da aurten. Aurtengo edizioari begira jarri dira Ordiziarrock Ekintzak-eko antolatzaileak dagoeneko, eta lehenengo bi kontzertuak antolatu dituzte. Otsailaren 2an, Joseba Irazokik eta Pettik joko dute D’elikatuz zentroan, 19:00etatik aurrera. Prestatu duten kartelean ikus daitekeen bezala, martxan dira XX. ediziorako.
Joseba Irazoki eta Lagunak & Petti lana aurkeztuko dute Ordizian Berako musikariek. Abenduaren 2an kaleratu zuten, Bonberenea Ekintzak-en eskutik. Lau abestiz osatutako argitalpena da, eta bakoitzak bi kanta grabatu ditu. Rock psikodelikoa egin dute bien artean. Joseba Irazokik Lagunekin grabatu ditu kantak, ohi bezala: Felix Buff bateriarekin, Jaime Nieto baxuarekin eta Ibai Gogortza gitarrarekin. Pettik, berriz, Sergio Gonzalez bateriarekin eta Karlos Osinaga baxu eta txeloarekin.
A aldean, Joseba Irazoki eta Lagunak-en Azken aldia eta Luka kantak daude, eta B aldean, aldiz, Pettiren Gerra bakoitzaren ondoren eta Dirdira hori. D’elikatuzen, kaleratu berri duten lan horren zuzenekoa entzuteko aukera izango da.