N-1 erabiltzeagatik kanona ordaindu beharko dute gaurtik ibilgailu astunek
N-1arekin batera, A-15 errepidea erabiltzeagatik ere ordainduko dute ibilgailu astunek. Hiru sindikatuak "zentzugabekeria" dela salatu du.
N-1 eta A-15 errepideak erabiltzeagatik kanona ordaindu beharko dute gaurtik aurrera ibilgailu astunek. 76 kilometroko ibilbidean, bidesaria ordaindu beharko dute. N-1 errepidean bertan, sei arku daude, Etzegaraten, Ordizian, Tolosan, Andoainen eta Lasarte-Orian, eta beste hainbat arku txiki errepiderako sarrera-irteera guztietan. A-15 errepideko arkuak, berriz, Astigarragan eta Belabietan daude. 104 dira guztira, bi errepideak kontuan hartuta. Goierriri dagokionean, N-1era irteteko bide guztietan daude tresnak. Ez dago kobratzeko kabinarik; ibilgailuak arkuen azpitik pasatzean zuzenean kobratzen da.
Bidesari berriak Gipuzkoako gaitasun handiko sare osoan zeuden bidesariei gehitu zaizkie, N-1 eta A-15 errepideen tarte guztiak barne hartzen dituen Foru Arau berriaren bidez. 2018 eta 2021 artean indarrean egon zen foru araua ordezkatu dute, epaileek baliogabetu egin baitzuten, diskriminatzailea zela egotzita.
Arkuak zabalik daude berriz, hamabost hilabetez itxita egon ondoren. Gipuzkoako Foru Aldundiak “ezinbestekotzat” jo du bidesariak martxan jartzea, mantenurako dirua biltzea beharrezkoa dela argudiatuta. Garraiolariak, ordea, “haserre” agertu dira. Hiru sindikatuak adierazi duenez, bide horietatik igarotzen diren garraiolariek 0,28 zentimo ordainduko dituzte kilometro bakoitzeko. “Zentzugabekeriak jarraitzen du, eta berriro garraiolariak dira kaltetuak. Azken finean kontsumitzaileak ordaindu beharko du bidesaria, garraiolariak bezeroei pasa beharko baitie, zailtasun handiz, gastu berria. Baina bitartean zailtasunak garraiolarientzat. Eta gastu hori bezeroari pasatzeko gaitasunik ez duenak, utzi egin beharko du”, salatu dute.