Segurako San Sebastian ermitan meza ospatu dute
Seguran ohitura denez, San Sebastian ermitan auzoan hildakoen aldeko meza ospatu zen atzo. San Sebastian eguna astean zehar egokitzen denetan, aurten bezala, meza aste horretako igandean egiteko ohitura dute Seguran aspaldiko urteetan.
San Sebastian ermita jendez lepo zela egin zuten atzo meza, Segurako parrokoa den Jesus Javierrek gidatuta. Meza amaitu aurretik, Laureano Telleriak ermitaren inguruko bitxikeria bat kontatu zien bertaratutakoei. Dirudienez, Aingeru beltzen ermita ere deitzen zaio San Sebastian ermitari. Izena, erretaulan tailatutako aingeruen irudiari zor dio. Telleriak kontatu zuenez, Euskal Herrian izen hori ematen zaion ermita bakarra da Segurako San Sebastian ermita.
Behin meza amaituta hamaiketako batekin borobildu zuten goiza bertaratutakoek.