Kiroltxartela sisteman sartu da Ataun, kiroldegi aukera ugaltzeko
'Mugiment' aplikazioa jaisten duten Auzoetako bazkideek sarean dauden beste herrietako kiroldegiak erabili ahalko dituzte. Ez du kosturik udalerriarentzat.
Kiroltxartela Mugiment sistemarekin bat egin du Ataunek. Kiroldegiak eta kirol instalazioak herritik kanpora ere erabili ahal izateko zerbitzua da, Eusko Jaurlaritzak finantzatua. Hala, Ataungo Auzoeta kiroldegiko bazkideak, Kiroltxartela Mugiment sarera atxikita dauden beste herrietako udal kiroldegietan ibili ahalko dira, bakoitzak zehaztutako zerbitzuetan, ordutegian edo baldintzetan.
Goierriri dagokionez, azkena sartu den Ataunez gain, Beasain, Ezkio, Legazpi, Ordizia, Segura, Urretxu, Zegama eta Zumarragako kiroldegiak eta gimnasioak ere badaude. Guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 77 udalerri daude sare horretan, tartean Bilbo eta Gasteiz, ikasleentzat erakargarri bihurtzen duen aukera; Donostia aurki sartuko da.
Zerbitzuaren helburu nagusia kirol instalazioak eta baliabideak ahalik eta gehien, eta ahalik eta jende gehienek erabiltzea da, batez ere jende gutxien joan ohi den garaietan, astean zehar, goizeko orduetan, adibidez.
Kiroltxartela Mugiment dohainik da erabiltzailearentzat. Norbere herriko kiroldegiko bazkide izan behar du, soilik. Aplikazioa jaitsi, erregistratu, eta txartela eskatu behar da. Zerbitzuaren esleipena duen enpresak, ondoren, txartela eskatu duenaren herriko udalari deitzen dio, eta hark baieztatzen du krioldegiko bazkide dela.
Kostua, finantzatuta
Udalerriari, berriz, ez dio kostu gehigarririk suposatuko. Urte bukaeran kitapen bat egiten dute: Ataundik kanpora zenbat joan diren eta bertara zenbat etorri diren zenbatu, eta Ataun «zorretan» geratu bada —kanpora gehiango joan direlako bertara etorriak baino—, jaurlaritzak hartuko du kostua bere gain. 120.000 euroko aurrekontua dago hiru herrialdeetarako.
Bestetik, aplikazioan ikus daite herri bakoitzak zer eskaintzen duen, edo eguneko zein garaitan erabil dezaketen beste herri batzuetako erabiltzaileek.
Ataunen kasuan, zerbitzu abantailatsua dela iritzi dio Martin Aramendi alkateak. «Hemen 65 euro da urteko banako kuota, familiarra 120, merkea beste batzuekin konparatuta. Interesgarria iruditu zaigu, herri txikiontzat batez ere».