'Eduardo Txillida 100 urte' ospakizunak Legazpira iritsiko dira
Txillida Lantokiak ere bat egingo du eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiekin. Larunbaterako museora bisita gidatua antolatu dute. 'Ucrania' argazki erakusketa eta 'Ama, ez dut gerrarik nahi' marrazki erakusketa ere ikusi daitezke asteburuan.
Eduardo Txillida eskultorea jaio zenetik 100 urte beteko dira 2024ko urtarrilean , eta izen bereko fundazioa hasi da mendeurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzen. Gaur arratsaldean Gipuzkoako turismo alorreko hainbat eragile lurraldean sakabanatuta dagoen eskultorearen ondarea ezagutzen izan dira, fundazio horrek gonbidatuta.
Legazpiraino iritsi da bisita, Txillida Lantokira. Aurretik, Donostiako Haizearen Orrazia eta Hernaniko Txillida Leku museoa bisitatu dituzte, eta Legazpitik Tolosara joan dira, Lizardiren Leihoa eskultura ikustera. Mikel Txillida eskultorearen bilobak eta Txillida Lekuko zuzendariak gidatu du txangoa.
Mendeurrena, Legazpiraino
Txillida Lantokiko bisitan Lenburreko arduradunek aipatu dutenez, Eduardo Txillidak «arrastoa» utzi zuen Legazpin, batez ere Patrizio Etxeberriaren lantegian. Izan ere, bertan egin zituen ‘Obra publikoa’ deituriko bere etapako eskultura handietako asko.
Etapa horren testigantza Txillida Lantokian jasotzen da, eta horregatik, mendeurrena ospatzeko Eduardo Txillida 100 urte izenarekin antolatzen ari diren ekitaldi sortan, museo horrek ere izango du tokia. Oraindik ez dago zehaztuta zein ekitaldi egingo diren Legazpin.
Larunbatean, bisita gidatua
Mendeurrenaren ekitaldiak iritsi aurretik Txillida Lantokia ezagutu nahi dutenek, aukera paregabea dute larunbatean, urtarrilak 28, Urola Garaiko Turismo Bulegoak egun horretarako antolatutako bisita gidatuarekin. Gazteleraz izango da bisita, eta 12:00etan hasiko da. Izena eman behar da aurretik 943 72 20 42 zenbakira deituta, 688 640 534 zenbakira WhatsApp mezua bidalita edo turismobulegoa@urolagaraia.com helbidera idatzita.
Bisita gidatuan Eduardo Txillida eskultorearen paper eta forja tailerrak erakutsiko dituzte, baita eskulturak egiteko Patrizio Etxeberriaren lantegiko forjan erabili zituzten hainbat makina ere.
Bisitariek, bestalde, Txillida Lantokiaren barruan dagoen Fabrika ikusteko aukera ere izango dute. Industrializazioari eskainitako gunea da Fabrika, eta egun hauetan bi erakusketa ibiltari ditu ikusgai bertan, Ukrainako inbasioari buruzkoak biak: Ucrania argazki erakusketa, eta Ama, ez dut gerrarik nahi marrazki erakusketa.