Ferian ere ospatzen da San Blas
Eguraldi hotz eta ilunari aurre egiteko, San Blas opilek keinu gozoa egin diete erosleei, Maite Iturbe okinaren postutik. Perretxiko gutxi dagoen honetan, ziza noiz etorriko zain dago jendea.
Gozo kontuak nagusitu ziren urtarrileko azken ferian, datorren astean ospatzekoa den San Blas egunaren aitzakian. Eta gozotasun horri esker, eramangarriagoa egin zen goiza, hotza eta iluna izan zelako eguraldiari dagokionez, baina baita erosleen joan-etorriei dagokienez ere.
Hain zuzen, erosle faltaz kexatu ziren saltzaileak, eta oso jende gutxi zebilela esan zuen batek baino gehiagok. Egoera horri bueltarik ematen ez bazaio, feria kontuak amaitzera dihoazela ere aipatu zuen batek: «Jende gutxi dator erostera. Dendetan eta leku guztietan prezioek gora egin dute, baina guk mantendu egin ditugu, barazkiak eta frutak lehengo prezioetan daude oraindik, baina badirudi erosleak ez direla konturatu!».
San Blas opila eta mimosa
Kexak alde batera utzita, feriako giroa gozatu zuen San Blas opila izan zen atzoko berritasun nagusia. Urtero bezala, Maite Iturbek jarri zituen salgai, mimo handiz eta kalitatezko osagaiez Udanako okindegian eginda. Forma borobilekoak, gainetik glasatu zuria eta San Blas txokolatez idatzita zituzten, eta i euroan saltzen zituen. Hurrengo astean ere eramango dituela agindu zuen.
Mimosa lorea ere berritasuna izan zen atzoko azokan. Aramako etxe ondoan, eguteran duen zuhaitzetik adar batzuk hartuta, Miren Jauregik erakusgai jarri zituen bere postuan, ohiko kolore hori biziarekin.
Aurten oso azkar etorri dela zioen Jauregik, normalean martxo bukaera eta apiril hasiera bitartean loratzen delako. Baina udazken-negu honetako eguraldi bereziak natura eraldatu du, eta mimosa ez ezik, beste hainbat zuhaitz ere loretan daude dagoeneko, baita fruta arbolak ere.
Zizak, laster iristear
Amaitzeko, perretxikoen atalak pobre jarraitzen duela esan behar da. Mikel Lasak atzo lau kilo saltsa perretxiko beltz besterik ez zituen salgai, kiloa 28 euroan.
Perretxiko zaleen artean, bestetik, ziza kontuak hasita daude. Udaberria gerturatzen ari da, eta inguruko mendietan zizak aurkitu eta gero jan dituenik ba omen da. Ea noiz iristen diren Ordiziako feria honetara.