San Blas jaiak: oharrak, deialdiak eta protokoloak
Festetako azal historikoen bilduma ikusgai jarri dute
San Blas jaien egitarauen azal historikoen bilduma ikusgai jarri du Idiazabalgo Udalak, aurtengo festetako egitarauan zabaldutako QR kode baten bitartez. Bertan, 1943. urtetik udalak artxiboan gordeta dituen azal guztiak daude ikusgai. Bide batez, bilduman hainbat ale falta direla eta, herritarrei etxean izanez gero, udaletxera eramateko eskaera egin diete.
San Blas jaietako zapiak Izparren eros daitezke dagoeneko
San Blas jaien adierazgarri diren kolore moredun zapiak salgai daude dagoeneko Izpar dendan, euro batean. Bestalde, udalak jakitera eman duenez, edalontzi berrerabilgarriak ere banatuko dituzte aurten festetan. Gainera, San Blas jaiak dirauten bitartean, herritarrei etxeko balkoietan ikurrinak jartzera gonbitea luzatu die udalak.
Antolatuta dauden otorduetarako txartelak salgai
San Blas jaietarako programatuta dauden hainbat otorduetarako txartelak Izpar dendan eskuratu daitezke dagoeneko. Paella jana otsailaren 3an egingo da eta paella 4 eurotan eta azkenburukoa euro batean erosteko aukera dago. Sagardotegi erraldoia (otsailak 4) 26 euro da. Menu bejetarianoa 20euro. Txartelak erosteko azken eguna urtarrilaren 31.
Eraso sexistei aurre egiteko protokoloa indarrean festetan
Jaietan egon daitezkeen eraso sexisten aurrean, eraso hauei aurre egiteko protokoloa indarrean izango da sanblasetan ere. Erasotua izan den emakumeari babesa adierazi eta ustezko erasoa gaitzesteko eskatu du udalak. Musika kendu eta erasoa egon dela jakinarazi beharko da unean bertan, eta beharrezkoa den kasuetan, 112ra deitu laguntza eskatzeko.