Udal aurrekontuek Legazpiko erronka sozialei, ingurumenekoei eta ekonomikoei ez dizkietela erantzuten adierazi du EH Bilduk
Alderdi abertzaleak abstentzioa eman zien abenduko plenoan, egin zituen zazpi proposamen jaso dituztelako. Politika fiskal desegokia bultzatu, eta porlana zerbitzuen aurretik jartzen dutela uste dute.
Legazpiko Udaleko 2023ko aurrekontuak “ez die inondik inora Legazpik dituen etorkizuneko erronka sozial, ingurumeneko eta ekonomikoei erantzuten”, EH Bilduk egindako balorazioaren arabera. Pasa den abenduaren 22ko udal batzarrean onartu ziren 2023rako diru kontuak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Eh Bilduko Edurne Gonzalez, Ibon Altzelai, Maria Sarasola, Igor Romaratezabala eta Mariasun Ugarte zinegotziek agerraldia egin zuten asteazken arratsaldean Kultur Etxean aurrekontuen inguruan duten iritzia azaltzeko. Azalpen horien arabera, “pertsonen zaintza, trantsizio ekologikoa, osasuna, bizitza duinak eta herri kohesioa” ardatz hartuta, hamaika proposamen egin zituzten aurrekontuak osatzeko, eta horietatik zazpi txertatu dira onartutako dokumentuan.
Onartutako zazpi proposamenak
Ezkurrenea proiektuari edukia emateko parte hartze prozesua abiatzea, biodibertsitatearen kontserbaziorako lur sailen erosketarekin jarraitzea, landa eremuan belaunaldi erreleboa bultzatzeko proiektua, komunitate energetikoen sorkuntza eta trantsizio energetikoa sustatzeko deliberazio saioak, gizarte larrialdietarako laguntzak igotzea, eta Aizkorri kaleko irisgarritasuna hobetzeko proiektua dira EH Bilduren proposamenez jasotako programak, eta “legazpiarron ongizatea hobetuko dutela uste dugu”.
Zazpi proiektu horiek aurrekontuetan jaso direlako eman zuten, hain zuzen, abstentzioa abenduko udalbatzan. Baina “abstentzio kritikoa” izan zela zehaztu dute, besteak beste aurrekontuek bultzatzen dutena “politika fiskal desegokia” delako, eta “obrak eta porlanak zerbitzuen aurretik” jartzen dituztelako.
Politika fiskal desegokia
Zergak eta tasak izoztu izanarekin ez dago ados EH Bildu. Krisiak herritarrengan dituen eragin ekonomikoak desberdinak direla esan dute alderdi abertzalekoek, “guztiok ez gaude era berean kolpatuta”. Batzuk etekina ateratzen ari direla, beste batzuk egoerari aurre egiteko gai direla eta hilabete amaierara iristen ez direnak ere badirela diote. Azken multzokoak dira EH Bilduren “kezka”, eta horiek bizi duten “egoera larriari nola aurre egin da konpondu beharreko arazoa”.
EH Bilduren ustez, ikuspuntu horretatik abiatuta aztertu beharko litzateke 2024ko zergekin eta tasekin zer egin, eta horiek igotzea proposatzea “erraza” izan ez arren, uste dute “egoeraren azterketa sakon bat egitea behar-beharrezkoa dela udalerriko aberastasuna birbanatu eta desberdintasun sozialak murriztuko dituzten ordenantza fiskal progresibo eta sozialak diseinatzeko”. Herriaren beharrak aztertu eta lehentasunak zehaztu eta gero, “horren araberako politika fiskal bat” garatu beharko litzatekeela zehaztu dute.
Obrak eta porlana zerbitzuen aurretik
Politika fiskal “desegokia” bultzatzeaz gain, “obrak eta porlana zerbitzuen aurretik” jarri izana ere leporatzen die EH Bilduk aurtengo aurrekontuei. Hala, “behin eta berriz” eskatu duten Ohitura Osasuntsuen Zerbitzua ez dute sartu, eta “ezinbestekotzat” jotzen duten elikadura burujabetzan aurrera egiteko kontsumo taldeekin eta herriko nekazariekin batera “elikagune bat” sortzeko aukera galdu dela diote.
Bestetik, herritarren kohesioa lortzeko espazioen sorkuntza “beharrezkotzat” jotzen dute, eta auzoetan libre dauden lokalak erabiltzea proposatzen dute, bertan hainbat zerbitzu emateko, “ludoteka, edo gizarte zentroak ematen dituenak esaterako”.
Pobrezia energetikoari buruz egin zuten ekarpena ere aurrekontuetatik kanpo geratu dela nabarmendu dute; egoera horretan daudenentzako diru laguntza lerro bat sortzea proposatu zuten.
Amaitzeko, aurrekontu parte hartzaileei buruz duten iritzia eman zuten, “proiektuei aurrekontu mugak ezartzen dizkie, obra txiki asko bultzatzen dira eta alde batera uzten dira obra integralak”. Gainera, “bozketara eramaten dira irisgarritasuna hobetzera edo ezinbestean egin beharreko obra lanak”. Horregatik ez daude ados eredu horrekin.