13.830 pertsonek eman dute izena Zegama-Aizkorri maratoirako
Atzo amaitu zen 22. Zegama-Aizkorri maratoirako aurre izen-ematea eta orain arteko marka guztiak hautsita, 13.830 izan dira izena eman duten korrikalariak. Azken aurre izen-ematean baino —2020an izan zen— 1.266 gehiago izan dira, aurreikuspen guztiak gaindituta.
Aurre izen-emateak orotara egin du gora, baina deigarria da, baita ere, korrikalari atzerritarren kopurua nola hazi den ikustea. Hala, Frantziako 504 korrikalarik egin dute aurre izen-ematea, Portugalgo 300ek, Italiako 201ek, Argentinako 70ek, Erresuma Batuko 63k, Suitzako 50ek, Poloniako 44k eta Amerikar Estatu Batuetako 36k.
Emakumeetan ere, gora egin du aurre izen-emateen kopuruak, nahiz eta modu apalagoan izan. 13.830 aurre izen-emateetatik 1.250 dira emakumezkoak. 2020an 1.032 izan ziren.
Datorren otsailaren 24an egingo dute aurrez izena eman duten korrikalari guztien artean dortsalen zozketa. Guztira, 225 zozketatuko dira. 500 dortsalera arteko gainontzeko 225 dortsalak antolakuntzak banatuko ditu: 125 iazko lasterketan denbora onenak egin zituzten korrikalarien artean (gizonezkoak eta emakumezkoak) eta beste 150 konpromisoen arten.
Gainera, datorren astelehenean, urtarrilak 30 irekiko da 9. Kilometro Bertikalerako eta 12. Junior Trailerako izen ematea. Kilometro Bertikalerako aurre izen-emateak ere zozketan sartuko dira, 150 dortsal banatuko dituzte guztira. Juniorren lasterketarako, aldiz, 100 korrikalaritan dago muga jarrita.