Estatistikari beldurra galtzen hasteko aukera
Irantzu Barrio matematikariak estatistikari buruzko hitzaldia emango du gaur, Beasainen, Lemniskata sarearen ‘Urtarrila, matematikaren bila’ zikloan. Emakumezkoak izango dira zikloko hizlarien erdiak.
Irantzu Barrio bilbotarrari behin esan zioten matematikek lan munduan garrantzi handia izango zutela etorkizunean, eta datuek berretsi egin dute hori. Matematikariena da langabezia tasa apalenetakoa duten sektoreetako bat. Estatistikari esker jakin daiteke hori. “Gauza asko ulertzeko balio du estatistikak”, azpimarratu du Barriok. Matematikaria da. Zehazki, irakaslea da EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa sailean, eta ikerketan ere aritzen da.
Estatistikari “beldurra galtzeko” eta “matematikaren eta estatistikaren kultura areagotzeko”, hitzaldi bat emango du gaur, Beasaingo Igartza jauregian, 19:00etan. Lemniskata sarearen Urtarrila, matematikaren bila zikloaren barruan antolatutako lau hitzaldietako bat izango da gaurkoa. Estatistika zer den, non agertzen den, zer erabilera dituen… Kontu horiei buruz hitz egingo du Barriok. “Dibulgaziozko hitzaldia izango da”, aurreratu du. “Dibulgazioa oso garrantzitsua dela uste dut. EHU erakunde publiko bat izanda, gizarteak jakin behar du guk zertan eta zertarako egiten dugun lan. Azken finean, gizartearentzat egiten dugu lan, eta garrantzitsua da gure lana edonork ulertzeko moduan azaltzea”. Dena dela, nabarmendu du bere burua ez duela dibulgatzaile gisa ikusten. “Irakasle eta ikerlari izatea ez da nahikoa, nire ustez”.
Euskarari garrantzia
Aurten badu berezitasun bat Urtarrila, matematikaren bila zikloak: emakumezkoak izango dira hizlarien erdiak —lau hizlari dira guztira—. Luz Roncal BCAM Matematika Aplikatuetako Euskal Zentroko kideak joan den ostiralean Beasainen aipatu zuen berez inork ez liokeela begiratu beharko generoaren kontu horri. “Baina begiratu beharra diogu”, zehaztu du Barriok. “Oxala etorkizunean anekdota hutsa balitz, baina, gaur egun, nabarmendu beharrekoa da generoaren kontua”. Bereziki, gazteak izan ditu gogoan Barriok. “Horiek ikusten badute badaudela matematikari eta estatistikari emakumeak, pentsa dezakete etorkizunean eurek ere egin dezaketela hori. Baina, hizlari guztiak gizonak badira, ziurrenik, kontrakoa pentsatuko dute”.
Lemniskataren zikloari jarraipena emanda, aurten ere Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna izango da otsailaren 11, eta Emakumeak Zientzian egitasmoak egitarau “zabala” prestatu du, zazpigarrenez; zientzia emakumeen alorra ere badela berrestea da ekimenaren helburua. Hogei eragile baino gehiagoren laguntza du egitasmoak: unibertsitateak, ikerketa guneak, erakunde publikoak… Eta baita Lemniskata sarearena ere. 50 ekintza baino gehiago izango dira otsailaren 8tik 14ra, Hego Euskal Herriko hainbat txokotan; Gipuzkoan, tartean. Hitzaldiak, jolasak, ikastaroak, bisita gidatuak… Jada izena eman daiteke saio horietan parte hartzeko, emakumeakzientzian.eus atarian.
Etorkizunaz baikor hitz egin du Barriok. Azaldu duenez, emakumeak ez dira gutxiengoa haren taldean. “Eta nire promozioan ere, euskarazko taldean, emakumeak ez ginen gutxiengoa. Hori bai, Erasmus bekarekin joan nintzenean, gizonak ziren han zeuden den-denak”.
Azkena, Carlos Gorriak
Gaztelaniaz izan dira zikloko lehen bi hitzaldiak, urtarrilaren 13koa eta 20koa, baina Barriok euskaraz emango du gaurkoa, eta baita Carlos Gorria EHUko irakasleak ere, gaur zortzi: Erronka industrialera zein sozialera bideratutako eredu eta soluzio matematikoak. Hain zuzen ere, hizkuntzaren auziari ere erreparatu dio Barriok. “Euskarak bizirik irautea nahi badugu, arlo guztietan eutsi behar diogu. Kalean, ikasketetan eta lanean, zientziaren alorrean…”. Halere, argitu du gaiak baduela “tranpa bat”. “Guk ez dugu euskaraz ikertzen, ingelesez baizik. Gure ikerketa taldean, gure artean, euskaraz hitz egiten eta ikertzen dugu, baina, ikerketak argitaratzeko, ingelesera jotzen dugu”.