Izal Bai alderdiak salatu du «hauteskunde urterako aurrekontua» dela Idiazabalgoa
Idiazabalgo Udalak 2023 urterako onartu duen aurrekontuaren inguruko irakurketa egin du Izal Bai oposizioan dagoen alderdiak. Ez zuten aurrekontu proposamena babestu, ezezko bozka eman zioten, «agintaldi honetan gastu finkoan egin den gorakadaren aurrean guk eskatzen ditugun neurriak onartzen ez direlako, eta baita ere, herritarren aurrean su artifizialak saltzea iruditzen zaigulako».
Guztira, 7.213.049,18 euro izango ditu Idiazabalgo Udalak ekitaldi berrirako. Igoera nabarmena da iazko aurrekontuarekin alderatuz gero, aurten 3 milioi euro gehiago izango baitira. Udal gobernuak igoera horri dagokion arrazoia, «Gurutze Berri auzoaren urbanizazioa da», azaldu zuen EH Bilduren udal gobernuak.
Izal Baik, ordea, zalantzak ditu. Adierazi dute «hauteskunde urterako aurrekontua» dela, eta lau urtetan egin zitekeena ez dutela egin maiatzaren 28an «etekina» ateratze aldera. Salatu dute «informazioa ezkutatu» duela udal gobernuak aurrekontuaren berri eman duenean; «igoera handiena suposatuko duena, udala zorpetzea da, 1.900.000 euroko kreditu bat hartu baita kontuan». «Covidaren ondorioz, indargabetutako legeak indarrean baleude, Idiazabalgo udalak legez ezingo lukeen zorpetzea», eta hori herritarrei ezkutatzea «grabea» dela diote, «gardentasuna falta» dela.
Izal baik «zorpetzea ahalik eta gehien saihestea edo diru-laguntzak bilatzea» proposatzen du. Bigarrenaren kasuan, «mugitu egin behar da, erakunde ezberdinetako arduradunekin egon eta hori alkate bati eskatu behar zaion gutxienekoa da, eta ez da egin».
Inbertsio gaitasuna behera
Aipatu arrazoiengatik, «ondorengo urteetan udalaren egoera ekonomikoak kezka sortzen digu» adierazi du Izal Baik» batez ere sarrera finkoen eta gastu finkoen arabera inbertsioak egiteko gaitasun gutxi izango duelako udalak».