Merkatari gehiago atxikitu dira kontziliazioaren aldeko ordutegira
Beasaingo 35 merkatarik ordutegi konpaktatua berreskuratuko dute otsailean. Iaz baino bi saltoki gehiago dira. Kontziliazio erantzunkidea erraztea da helburua.
Merkatarien arreta ordutegiak konpaktatzeko egitasmoak aurrera darrai. Datorren otsailaren 1etik aurrera, Beasaingo 35 establezimenduk bezeroei arreta 19:00ak ingurura arte emango diete. «Kontziliazioa» erraztea da helburu nagusia. Hala aurkeztu zuten atzo, udaletxeko areto nagusian eman zuten prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Leire Artola Beasaingo alkatea, Nerea Isasi Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria, Amaia Sorazu Ekilore dendako ordezkaria eta Eneritz Iturriotz merkataritza bulegoko teknikaria.
«Herrilab3B kontziliazio erantzunkiderako laborategiaren babespean Beasaingo merkataritzak ordutegiak arrazionalizatzeko iaz burututako esperientzia pilotuak izan zuen arrakasta ikusirik, egitasmoari jarraipena emango zaio», nabarmendu zuen Beasaingo alkate Artolak. «Funtsean, arratsaldez saltokiak lehenago itxiko dira, merkatariek euren bizitza pertsonalean kontziliaziorako aukerak hobetu ditzaten eta, bide batez, herrian gizon eta emakumeen arteko berdintasunean aurrerapausoak eman daitezen eraginez», azpimarra egin zuen.
Isasik ere hartu zuen hitza; «ekintza eraldatzaileak posible direla erakutsi zuten iazko emaitzek». Pozik agertu zen horrekin, «gizarte berdinzaleago» baterantz urratsa eman delako.
Edozein aldaketak bezala, honek ere lehenengo momentu batean «zalantza asko» sortzen ziela aitortu zuen Ekilore dendako ordezkariek, merkatarien izenean. «Baina esperientziak erakutsi du posible dela».
Saltokiaren beharretara
Herritarrei egitasmoaren berri emateko, parte-hartzaileek ordutegi esperimentalaren berri ematen duen zigilua zintzilikatuko dute beren erakusleihoetan. Bertan, saltoki bakoitzak bere itxierako ordutegia erakutsiko du. Eneritz Iturriotzek gogoratu du, iaz, «19:00ak arte izan bazen ere, aurten, saltoki bakoitzaren beharretara egokituko dute itxiera ordua». Beraz, ez du derrigor 19:00ak arte izan behar.
Momentuz, merkataritza establezimenduak batu dira. Izena emateko epea ez da amaitu.