Ondarre baserrira bigarren bisita antolatu du Anduetza Parketxeak
Urtarrilaren 22ko bisitak izan duen arrakasta ikusita, Zegamako Anduetza Parketxeak Gaztagintza eta arkumeen sekretuak izenburupean bigarren bisita antolatu du Segurako Ondarre baserrira.
Ondarreko Eneko Goiburu artzainaren gidaritzapean, datorren otsailaren 5ean errepikatuko dute bisita gidatua. Jaio berriak diren arkumeak eta baserriko latxa ardiak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute bisitariek. Goiburu gazta egiteko prozesuaz ere arituko da eta artzainek erabili ohi dituzten tresnen erakusketa ikusteko aukera ere izango da bisitan zehar. Amaitzeko gazta ezberdinen dastaketa ere antolatuko dute.
Bisitari 11:00etan emango diote hasiera Ondarre baserrian bertan. Sarrerak 12 eurotan (helduentzat) eta 6 eurotan (3-12 urte bitarteko haurrentzat) daude eskuragai. Izena emateko anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi edo 688 623 609 telefonora deitu daiteke.