Otsailaren 11n jokatuko da Argi Berri Elkartearen 44. Mus Txapelketa Azkarra
16:30ean hasiko da. Irabazleek 2.000 euro eta txapelak jasoko dituzte. 5 antxume eta 5 arkumeren zozketa-errifak salgai daude.
44. Argi Berri Elkartearen Mus Txapelketa Azkarra otsailaren 11n jokatuko da. Pandemia dela eta bi urtez antolatu gabe egon ondoren, aurten berrekingo diote. 1978. urtean jokatu zen lehendabizikoa. Azkenekoa, 2020an, Joxe Miguel Carton eta Ander Kerejeta azpeitiarrek irabazi zuten.
5 antxume eta beste 5 arkumeren zozketa-errifak salgai daude dagoeneko, eta egunean bertan ere izango dira eskuragarri. 2.000 euro eta txapelak jasoko dituzte irabazleek; bigarren sailkatuek, 1.000 euro; 3. sailkatuek, 500 euro; 4. sailkatuek, 250 euro; 5. eta 6. sailkatuek, arkume bat eta 2 txuleta bikote bakoitzarentzat; eta 7. eta 8. sailkatuek, 4 afari bikote bakoitzarentzat. Elkarteko lehenengo bikoteak, aldiz, 2 txuleta irabaziko ditu, eta herriko lehen bikoteak bi afari.
Jokoak 4 erregetara, 6 hamarreko 3 ustelera izango dira. Bikote bakoitzak 50 euro jarriko ditu izena ematerakoan. 16:30ean hasiko da txapelketa. 2020ko txapelketan, Euskal Herriko 49 herritatik gerturatutako 136 muslari bikotek parte hartu zuten.