Gorantz doa Legazpiko Udalaren webguneko erabiltzaileen kopurua
Telefono mugikorraren bidez sartzen dira batez ere herritarra webgunean. Udalak Facebook, Twitter, Instagram, Flicker eta YouTube sare sozialak ere erabiltzen ditu.
Geroz eta erabiltzaile gehiago ditu Legazpiko Udalaren www.legazpi.eus webguneak, udalak berak kaleratu berri dituen datuen arabera. Horrekin batera, sare sozialen erabiltzaileen kopuruak ere jakinarazi ditu.
Herritarrekin komunikatzeko bitarteko gisa erabiltzen ditu sare sozialak, hain zuzen Facebook, Twitter, Instagram, Flicker eta YouTube, eta horien osagarria da www.legazpi.eus webgunea. Informazio zabaltzeko, egunero erabiltzen ditu plataforma horiek.
Iazko datuen arabera, www.legazpi.eus webgunearen erabiltzaile kopurua %24 igo da 2021arekin alderatuta, eta bisitak %13 igo dira. Mahaiko ordenagailua baino gehiago, telefono mugikorra erabiltzen dute herritarrek webgune hori bisitatzeko, eta geroz eta gehiago erabiltzen dute gainera. Hala, 2021ean, %51k erabili zuten telefono mugikorra udalaren webgunean sartzeko eta 2022an, berriz, %65ek.
Bestetik, sare sozialen iazko jarraitzaile kopuruak era jakinarazi ditu udalak. Facebook-en 1.191 ditu, Instagram-en 1.004, Twitter-en 641, Flickr-en 29, eta YouTube-n 91.
Udalak adierazi duenez, lanean jarraituko du sare sozialetan presentzia “sendoa” izateko, “herritarrei zerbitzu hobea eskaintze aldera”.