Beasaingo Gazte Asanbladak "euskara eta feminismoa" izango ditu ardatz
Gazteentzako espazio beharretik sortu dute Gazte Asanblada. Larunbaterako mus txapelketa mistoa antolatu dute.
Beasaingo Gazte Asanblada aurkeztu zuten ostiralean. Maider Insaustik eta Iñaki Urdangarinek taldearen izenean azaldu zutenez “Beasainen, gazteak elkartu, espazioak sortu eta herri giroa sustatzeko beharra nabaritzen genuen, kultura arloan esate baterako”. Kezka horren bueltan hausnartzen hasi ziren; “Gazte Asanblada baten beharra ikusi genuen, eta horri forma eman nahian, asanblada horrek nolakoa izan behar duen, zein baloreen bueltan mugituko garen,… eztabaidatzen hasi ginen”.
Hilabeteetako lanketa egin dute materializatu eta aurkezpena iritsi den arte. “Gure ardatzak izango dira euskara eta feminismoa, eta horiek sustatzeko ekintzak antolatzea da gure helburua”. Hala, mus txapelketa mistoa izango da egingo duten lehenen ekintza. Larunbatean izango da, Arranon. Horrez gain, kultura arloan eragiteko asmoarekin, bertako sortzaileei ikusgarritasuna eman nahi diete.
Beste gazte batzuei deia
Prozesu honetan Beasaingo 12 inguru gaztek parte hartu dute, eta ostiralean, aurrerantzean hartuko duten bidea azaltzeko ez ezik, asanbladara batzeko deia ere zabaldu zuten. “Gazte Asanblada herriko gazteak elkartzeko izango da, norbanako guztiak gonbidatuta daude”. Sare sozialen bidez egingo dituzte deialdiak.