Bertsolari gazteen Goierriko sariketak elkarteetara eta afal ondorenera itzuliko dira
Ordiziako Argi-Berri sariarekin hasiko da zirkuitua, martxoaren 18an. Zaldibiako Osinberde eta Aztiriko sariak jokatuko dira hurrengo bi asteetan, eta Gabiriako Osinalde sariketaren finala apirilaren 15ean izango da.

Bertsolari gazteen Goierriko sariketa sortak jatorrizko izaerara itzuliko dira aurten. Pandemiaren eraginez, aurreko bi urteetan antzokietan egin badituzte bertso saioak, berriro elkarteetako girora ekarriko dituzte. Afariak ere berreskuratuko dituzte, saio bakoitzaren aurretik. Osinalde saria elkartean eta ohiko moduan egin bazuten ere, 2022an Ordiziako, Zaldibiako eta Legazpiko antzokietan izan ziren aurreko hiru bertso saioak. Argi-Berri, Osinberde eta Aztiri-Bat elkarteetara itzuliko dira orain.
Antolatzaileek zehaztu dute egutegia eta saio bakoitzerako gonbidatu dituzten bertsolarien zerrenda. Ordizian, Argi-Berri Saria izango da lehenbiziko kanporaketa, martxoaren 18an. Ohi bezala, Zaldibiako Osinberde sariak (martxoaren 25ean) eta Aztiriko sariak (apirilaren 1ean) osatuko dute sailkatze fasea.
Seina bertsolari ariko dira bakoitzean, eta bi igaroko dira Osinalde sarirako. Gabiriako elkartean, apirilaren 15ean, larunbatarekin, jokatuko da final hori.
Aurtengo sariketetan bi bertsolari goierritarrek parte hartuko dute. Lander Arizmendi ordiziarra Argi-Berri elkartean ariko da, eta Maddi Aiestaran beasaindarra Osinberden. Iaz, Osinalderen 50. ekitaldian, Ane Zuazubiskar izan zen irabazle; Unai Izagirre, Xabat Illarregi, Oihana Arana, Aitor Tatiegi eta Aner Peritz iritsi ziren finalera. Gonbidatuta daude horietatik lau aurten ere.
Bertsolari gazteen sariketak 2023
- Argi-Berri Saria, Ordizian. Martxoaren 18an, Argi-Berri elkartean. 20:30ean afaria, eta ondoren saioa.
Bertsolariak:
Asier Alcedo (Portugalete, Bizkaia, 1996)
Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001)
Josu Ibarguren (Oiartzun, Gipuzkoa, 2000)
Unai Mendiburu (Algorta, Bizkaia, 1998)
Haizea Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001)
Lander Arizmendi (Ordizia, 1997) - Osinberde Saria, Zaldibian. Martxoaren 25ean, Osinberde elkartean. 20:30ean afaria eta ondoren saioa.
Bertsolariak:
Ekhiñe Zapiain (Bera, Nafarroa, 2002)
Xabat Illarregi (Leitza, Nafarroa, 2001)
Iker Ormazabal (Hernani, Gipuzkoa, 2000)
Maddi Aiestaran (Beasain, 2001)
Unai Izagirre (Azkoitia, Gipuzkoa, 1995)
Bittor Altube (Abadiño, Bizkaia, 2001) - Aztiri Saria, Gabiriako Aztiria auzoan. Apirilaren 1ean, Aztiri-Bat elkartean. 20:30ean afaria eta ondoren saioa.
Bertsolariak:
Aner Peritz (Zarautz, Gipuzkoa, 2002)
Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001)
Irati Alcantarilla (Urruña, Lapurdi, 2001)
Aitor Ugarte (Aramaio, Araba, 2002)
Lurdes Ondaro (Munitibar, Bizkaia, 1997)
Urko Arregi (Oñati, Gipuzkoa, 1999)

Osinalde bertso sariketa, iazko apirilean./Andrea Aldazabal