Iraia Mendiak urrea eta Irenia Apaolazak zilarra, pista estaliko 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan
Mendiak 3.000 metroetan lortu du domina, eta Apaolazak 200 metroetan.
38. Pista Estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu da asteburuan Antequeran (Malaga). Iraia Mendia lazkaotarrak urrezko domina lortu du 3.000 metrokoan, eta Irenia Apaolaza zeraindarrak zilarra 200 metroetan.
Larunbatean finalaurrekoa jokatu zuen Apaolazak, eta bigarren postua lortu zuen 24.53 denborarekin. Atzo izan zuen finala. 200 metroetan bi final jokatu ziren. Apaolazak lehenengo postuan bukatu zuen berean, 24.50 denboran. Beste finalean, ordea, Lucia Carrillok 23.92 denboran egin zuen proba. Hala zilarra eraman du etxera zeraindarrak.
Mendiak 3.000 metroko finala jokatu zuen, larunbatean. 9.37.50 denboran osatu zituen 3 kilometroak. Bigarrenak, Maria Cedronek, 9.46.51 denbora egin zuen, eta hala, urrea eskuratu du lazkaotarrak.