Osasun Zentroko seigarren mediku-postua mantentzeko eskaera helarazi diote legazpiarrek Osakidetzari
Gaur goizean entregatu dute Zumarragako ospitalean 2.235 herritarrek sinatutako eskaera. Buztintegik sinadurak bildu ditu eskaera gauzatzeko, eta gaur protesta ibilaldia eta elkarretaratzea egin dituzte erdigunean.
Buztitengi elkarteak gaur goizean entregatu dio Osakidetzari legazpiarren eskaera. Legazpiko Osasun Zentroan mediku batek erretiroa hartu eta gero hutsik utzi duten postua berriz ere betetzeko eskatu diote Osakidetzari 2.235 herritarrek. Eskaera hori bideratzeko, Buztintegik sinadura bilketa kanpaina bat jarri zuen abian urtarrilaren hasieran, eta guztira 2.235 firma jaso dituzte hilabetean zehar.
Sinadura horiek guztiak biltzen dituzten dokumentuen kopiak gaur bertan eraman dituzte Zumarragako ospitalean egoitza duen Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratura. Jatorrizko sinadurak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua den Gotzone Sagarduiri bidaliko dizkiote.
Protesta ibilaldia
Ospitalera joan aurretik, protesta ibilaldia egin dute Legazpin ehundik gora legazpiarrek, plazatik Osasun Zentrora. Amaieran, elkarretaratzea egin dute Osasun Zentroaren aurrean, eta sinadura bilketarekin aldarrikatzen dena irakurri dute.
Legazpi bost medikurekin geratuta, mediku bakoitzak orain 250 pertsona gehiago artatu behar dituela nabarmendu dute, hau da, 1.500 pertsona inguru. Horren aurrean egindako erreklamazioei Goierri-Urola Garaiko ESIko gerenteak emandako erantzuna gaitzetsi dute, «azken helburua asistentziaren kalitatea hobetzea» dela esan duelako. Buztintegiren ustez, hori ez dator bat Legazpiko errealitatearekin, «61 urtetik gorako 2.838 pertsona bizi direlako herrian, eta biztanleriaren %33,86 dira».
Gizarte ongizatearen adierazle bat osasun sistema publikoa dela ere esan dute, eta azken urteetan Osakidetzak okerrera egin duela salatu dute: «Zerbitzuak batzea, profesionalen protestak, langileen lan baldintzen okertzea…». Osasun sistemaren «hondatzea» herritarrek pairatzen dutela esan dute amaitzeko, eta horren adibideetako bat da Legazpiko Osasun Zentroarekin gertatu dena.
Hemen elkarretaratzean irakurri duten dokumentua:
“Gaur, hutsik gelditu den mediku plaza betetzea eskatzen dugun 2188 Legazpiarron sinadurak Osakidetzari emango dizkiogu.
Erretiroagatik hutsik dagoen mediku plaza bete ez denez, Legazpiko Osasun Zentroan familiako bost mediku daude, lehen zeuden seien ordez. Hori galera haundia da. Aurrerantzean, mediku bakoitzak 250 pertsona gehiago izango ditu artatzeko, eta, beraz, 1500 pertsona inguru izango ditu.
Pertsona batzuek erreklamazio indibiduala egin dute arrazoi horregatik, eta Goierri-Urola Garaiko ESI-ko (Erakunde Sanitaro Integratua) gerenteak emandako erantzuna sumingarria da. Demografia, kupoak eta irizpideak aipatu ondoren honela bukatzen da: “berriro diogu ekimen honen azken helburua asistentziaren kalitatea hobetzea dela”.
Argudio hori guztiz kontraesanean dago LEHEN MAILAKO ARRETA HOBETZEKO PLANA azaltzeko Osasun Zentroan jarrita dagoen Osakidetzaren 25. urteurreneko kartelarekin, eta honela dio:
– Sendagile gehiago, gaixo gutxiago sendagile
bakoitzeko.
– Arreta hobea zure familiarentzat, mediku gehiago, gaixo gutxiago mediku bakoitzeko.Argi dago adina kontuan hartu beharreko datua dela osasun-zerbitzuak behar izatean. 8.381 pertsonako errolda dugu:
– 61 – 70 urte = 1.169 , % 13,94
– 71 – 80 urte = 929, % 11,08
– 81 urtetik gora = 740, % 8,82Hiru adin talde horiek batuta, 2838 pertsona daude, hau da, biztanleriaren %33,86.
Gizarte-ongizatearen adierazle garrantzitsu bat osasun-sistema publikoa da. Urte batzuetatik hona, Osakidetzak okerrera egin du: zerbitzuak batu ditu, profesionalek protestak egiten dituzte, medikuek, erizainek, sindikatuek lan-baldintzak eta langileen behin-behinekotasunak, etab.
salatu dituzte.Herritarrok argi eta garbi antzematen diogu hondatze horri: itxaron-zerrendak eskandaluzko epeekin, atzerapena lehen mailako arretako hitzorduetan, zerbitzuen murrizketa arratsaldeetan eta asteburuetan.
Goierri-Urola Garaiko ESI-an jasotako sinaduren kopia bat emango dugu, eta jatorrizkoak Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagardui Andreari bidaliko dizkiogu.
Datorren astelehenean, otsailak 13, jakinaraziko diogu Udalbatzari sinadura bilketa honen emaitza”.