Sorotan Belerekin, 30 urte denboran atzera Lazkaon
Kontzertu gogoangarria egin zuten larunbat iluntzean Areria antzokian Sorotan Beleko kide izandako Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak, Lazkaoko Musika Banda indartuarekin lagunduta, Xabier Zabalaren gidaritzapean.
Arratsalde honetan abestiarekin hasi zen, larunbatean, Sorotan Bele gogoan kontzertua. Duela 30 urte plazaratutako musika eta hitzak oraindik gogoan dituztela erakutsi zuten lazkaotarrek. Areria antzokia bete egin zen (325 entzule), eta ordu eta erdi inguruan, hiru hamarkada atzerantz bidaiatu zuten.
Gorka Sarriegi abeslariak eta Urbil Artola gitarra jotzaileak –eta ahotsa– gidatu zuten kontzertua. Sorotan Bele talde hondarribiarraren arrakasta handienak errepasatu zituzten. Alboan, Xabier Zabala musikaria izan zuten hirugarren zutabe ezinbesteko eta emanldiaren gidari. Txirula, teklatua eta esku soinua jotzeaz gain, hark moldatu ditu bandarentzat abestiak.
Atzean, Lazkaoko Musika Bandak jantzi zituen hiru gonbidatuen partiturak. Ohi baino kide eta musikari gehiagorekin armonizatu zuen Sorotan Bele bandak, gitarra eta baxu elektriko eta guzti.
Kontzertuaren erdian, Mikel Errazkin taldekide zena oroitu zuten, hark konposatutako hiru abesti jarraian jota, bai Sorotan Belerekin entzutetsu egin zirenak, bai bakarkako ibilbidean landu zituenak. Hiru-bat bis jo ondoren agurtu ziren Sorotan Belekoak eta bandakoak.