XII. Nikolas Lekuona argazki lehiaketa martxan dago
Argazkiak aurkezteko epea apirilaren 8ra arte egongo da zabalik. Epaimahaiaren erabakia apirilaren 28an jakinaraziko dute.
XII. Nikolas Lekuona estatu mailako argazki lehiaketa abian da. Espainiar estatuan bizi diren pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, profesional izan ala ez. Paperean aurkezturiko lanak bakarrik onartuko dituzte.
Gaia irekia izango da, bakoitzaren araberakoa. Zuri-beltzean zein kolorean izan daitezke. Argazkilari bakoitzak gehienez 4 argazki aurkeztu ahal izango ditu, aurreko edizioetan saritu gabekoak betiere. Tamaina ere librea da, baina 40x50eko passepartoutean muntatuak, 3 milimetroko gehienezko lodierarekin.
Argazkiak aurkezteko azken eguna apirilaren 8a izango da. Postaz bidalitako argazkientzat, zigilu-markaren data hartuko da aurkezpen data bezala. Epaimahaiaren erabakia apirilaren 28an jakinaraziko dute. Epaia publikoa izango da, eta Ordiziako Barrena kultur etxeko Ortzadarren lokalean emango dute.