Gipuzkoako 400dik gora atleta gaztetxo elkartuko dira Legazpin igandean, eskolarteko kros txapelketan
Benjamin, kimu eta haur mailako bost lasterketa jokatuko dira Urtatza-zahar parkean, 11:00etatik aurrera. Goierri Garaia atlestismo taldea da antolatzailea.
Gipuzkoako eskolarteko kros txapelketa Legazpin jokatuko da bosgarrenez. Igandean, hilak 12, izango da hitzordua, Urtatza-zahar parkean, 11:00etatik aurrera. Goierri Garaia atletismo taldeak antolatu ditu lasterketak Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin batera, eta lurralde osoko 400dik gora gaztetxok parte hartzea aurreikusten dute.
Gaur goizean aurkeztu dute txapelketa Alonso Frances Goierri Garaia klubeko lehendakariak eta Iñigo Imaz Legazpiko Udaleko kirol zinegotziak.
Bost lasterketa
Kimu eta haur mailako haurrei zuzendutako txapelketa izango da igandekoa, eskola artekoa, baina benjakin mailako haurrek ere parte hartuko dute. Bost lasterketa jokatuko dira.
Kimu mailako neskak hasiko dira, 1.700 metroko probarekin. Ondoren kimu mailako mutilen txanda izango da, eta horiek ere 1.700 metroko ibilbidea egingo dute. Haur mailako neskak 11:30ean hasiko dira lasterka, 2.550 metroko ibilbidean, eta ordu laurden geroago haur mailako mutilek egingo dute korrika, 2.550 metro horiek ere. Bukatzeko, txapelketatik kanpo, benjamin mailako neskak eta mutilak arituko dira elkarrekin, 550 metroko zirkuituan. Sari banaketa 12:30ean egingo da.
Iñigo Imaz zinegotziak lasterketak ikustera joateko gonbidapena luzatu du, “eguraldi ona egingo du, eta Urtatza-zahar leku aproposa eta polita da”.
Alonso Francesek, bere aldetik, babesleak eta laguntzaileak aipatu ditu, “horien laguntzarik gabe ezingo genukeen proba hau antolatu”. Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalak aipatu ditu lehenik, eta ondoren, antolaketan eta diruz lagundu duten Gipuzkoako Foru Aldundia, Orain Kirola egitasmoa, Gurutze Gorria eta hainbat enpresa pribatu.
Goierri Garaia atletismo taldea, 1995etik
Igandeko eskolarteko kros txapelketaren aurkezpenean Goierri Garaia atletismo taldearen sorrera ere gogoratu dute. Kluba 1995ean sortu zen, 1978tik martxan zegoen Zumarragako eta Urretxuko Urola Atletismo Taldea eta 1986an eratutako Legazpiko Atletismo Taldea elkartu zirenean. Bi taldeen xedea atletismoaren alde lan egitea zenez, indarrak elkartzea erabaki zutela azpimarratu du Alonso Francesek. “Ordutik, 27 urte daramagu elkarrekin atletismoa garatuz eta formakuntza emanez, eta lasterketak antolatzen”.
Azken alor horretan, lasterketen antolakuntzan “esperientzia handia” dutela adierazi du, eta adibide batzuk aipatu ditu, besteak beste Legazpi-Zumarraga-Urretxu lasterketaren 15 edizioak, Legazpiko hiri miliaren 24 edizioak, Aztiriako mendi lasterketan eta Eitzako krosean ematen duten laguntza, Goierri Garaia mendi lasterketaren 15 edizioak, eskola mailako Zumarragako krosaren 24 edizioak eta Mirandaolan jokatu zen Euskadiko maila absolutuko kros txapelketa…. Igandean jokatuko den eskolarteko krosa ere aipatu du Francesek, bosgarren aldiz antolatu dutelako.
Gipuzkoako txapelketa honen ondoren, Euskadikoa ere jokatuko da Legazpin, hilaren 26an.