ZHK-k alkatearen ustezko ustelkeriaren dokumentazioa fiskaltzaren esku utzi, eta hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki du
"Fiskalak erabakiko du lege hausterik badagoen ala ez", adierazi du Aitzol Telleria ZHKren ordezkariak, eta nabarmendu du Zerainen hauteskunde lehia dagoen bitartean herri zerrenda ez aurkeztea erabaki dutela.
Zeraingo Herri Kandidaturak ez dituzte auzitegira eramango Amaia Junquera alkateari egozten dizkioten ustezko legez kanpoko esleipen kasuak, baina fiskaltzaren utzi dute dokumentazio guztia. Aitzol Telleria ZHK-ko ordezkariak honako adierazpenak egin dizkio Goierri Irrati Telebistari. “Guk ez daukagu alderdi bat atzetik, guk ez daukagu aholkulari legal bat atzetik, guk egin dezakeguna da fiskalaren esku utzi dokumentazio guztia, eta fiskalak erabakiko du lege hausterik badagoen ala ez”, zehaztu du. Urtarrilaren 18an egin zen osoko bilkuran, beste zenbait gauzaren artean, «ustelkeria kasu baten» arduradun politikoa izatea leporatu zion ZHK-k Junqueari, eta haren dimisioa ere eskatu zuten. Salaketa horien aurrean kontzientzia “lasai” duela adierazi zuen orduan alkateak.
Era berean, Telleriak salaketa horien “kutsu elektoralista” baztertu du, besteak beste maiatzeko udal hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki dutelako. “Alkateak, nolabait, pisua gainetik kentzeko-edo, erabili du hauteskundeen klabeetan gaudela eta horregatik islatu dugula gaia orain. Erabat gezurtatu nahi dugu hori, obra hori momentu honetan ari da egiten, oraindik teilaturik ez zaio egin, oraindik martxan dagoen obra bat da. Herri kandidaturatik esan dezakeguna da, aspalditxo erabakita baldin badaukagu ere, ez daukagula berriz ere hauteskunde lehian sartzeko asmorik. Orain dela bi legealdi ez aurkeztea erabaki genuen, aurreko legealdian aurkeztea erabaki genuen, ikusten dugu Zerainerako oposizio sistema honek ez duela funtzionatzen, herrian giroa txartu besterik ez duela egiten, eta berriz lehia hori dagoen bitartean herri zerrenda ez aurkeztea erabaki dugu”.