Gaitasun inklusiboa duten elementu berriak jarri dituzte, hesia jarri dute eta zorua berritu dute, besteak beste. Barrendain, Ezkiaga eta Isabel Olano parkeak izango dira hurrengoak.
Trenbide kaleko jolas parkera bisita egin dute gaur Jon Eskisabel aparejadoreak, Leire Artola alkateak eta Roberto Alonso enpresa egilearen ordezkaria. // Ariane Vierbücher
Beasaingo Trenbide kaleko jolas parkea berritu egin dute eta erabilgarri dago. Elementu berriak jarri dituzte eta bestelako hobekuntza lanak ere egin dira. Parkera bisita egin dute gaur goizean, Leire Artola Beasaingo alkateak, Jon Eskisabel udaleko aparejadoreak eta Roberto Alonso Hags Swelek SA enpresako ordezkariak.
Jolas parke berrituak, elementu deigarriak ditu. “Gauza berria da, bertan dauden elementuetako batzuk amerikar inspirazioa dute ” azaldu du Alonsok. Kuboez osatutako joko espazial modularren multzoaz ari da. 33 erabiltzailerentzat da eta gaitasun inklusiboa du. Eremu berean, beste elementu batzuk ere jarri dituzte; bizikleten karrusela zortzi erabiltzailerentzat eta kolunpio desberdinak, horietako bat, arnesdun eserlekuduna.
Alonsok gaineratu duenez, denentzat parkea bat da: “Parkeek erakargarriak izan behar dute erabiltzaile guztientzat, hau da, haurrengan ez ezik, aiton-amonengan, gurasoengan eta haurren zaintzaileengan ere pentsatu behar da, horrelako azpiegitura bat egiterakoan; horregatik, jolas erakargarriez gain, interesgarria da inguruan bankuak eta zuhaitzak jartzea, hemen egin den moduan”, borobildu du.
Parkean jarri diren elementu inklusiboetan arreta berezia jarri du Leire Artola alkateak: “Inklusibotasuna, oso kontuan hartzen den zerbait da, gaur egun ez da inklusiboa ez den ezer ulertzen”.
Udal aparejadoreak osatu du informazioa, “lehen zegoen parkea eta geometria ikusita, elementuak espaziora ahalik eta hobekien egokitzea” izan da helburua. “Hezetasun-arazo bat ere konpondu dugu, eta kanaleta perimetral bat jarri dugu”, hobekuntza osagarri bezala. Horrez gain, “hesi bat jarri dugu errepidetik gertuen dagoen aldean, haurrak babesteko, eta hesi natural gisa erabiltzen ziren jardinerak kendu dira, horrela, oinezkoentzako pasabidea zabaltzea lortu da”. Azkenik, jolas parkeko eremu guztian “zorua berritu da”.
Esleitutako kontratuaren zenbatekoa 131.488 eurokoa da (BEZ gabe). Orain gutxi inauguratu duten Dolarea jolas parkeko lanak ere gehitu dira bertan.
Barrendain, Ezkiaga eta Isabel Olano parkeak
Honekin amaituta, hurrengo interbentzioa Barrendain plazako parkea izango litzateke alkateak aurreratu duenez, “baina oraindik proiektua landu behar da”. Bien bitartean, egoera txarrean dauden elementuetan konponketa lan batzuk egingo dituztela azaldu du. Ezkiagako parkean, elementu berriren bat ipiniko dutela ere aurreratu du.
Herriko parkeetan egingo diren hobekuntzekin jarraituz, Isabel Olano parkea ere aipatu du. Obrak “martxa onean” doazela nabarmendu du alkateak. “Martxo bukaerarako” bukatuta egotea aurreikusten dute. Karobi kaleak itxita jarraitzen du, baina laster zabalduko dute; espaloian hormigoia jartzeko daude, gaur eta bihar artean, eta asfaltatze lanak ere egingo dituzte hurrengo egunetan.