‘Intxaurra’ antzezlana etzi Idiazabalen
Intxaurra izeneko antzezlana eskainiko du larunbat arratsaldean Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki tailerrak. Emanaldia Idiazabalgo guraso elkarteko areto nagusian izango da, 19:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Mairu antzerki tailerra orain dela 20 urte sortu zen Bortzirietako (Nafarroa) Euskara Mankomunitatearen ekimenez. Gorka Sarasola Mairu antzerki tailerreko kideak esan duenez, garai hartan «gazteei aisialdian euskarazko bitartekoak eskaintzeko helburuarekin». Tailerrean gazte askok parte hartu zuten, eta gerora taldearekin jarraitzeko lagun talde bat elkartu eta ordutik makina bat antzezlan eskaini dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan.
Sorkuntza propioa
Mairu antzerki tailerraren ezaugarrietako bat da antzezlan propioen sorkuntza. Urte guzti hauetan sei antzezlan sortu dituzte, Intxaurra da azkena. Beste antzezlan batzuen egokitzapenak ere egin izan dituzten arren, «2015etik berriz ekin diogu sorkuntza propioari», esan du Sarasolak.
Hain zuzen, Sarasolak berak idatzi du Intxaurra antzezlana. «Terexa eta bere intxaurrondoaren istorioa da kontatzen duena. Biak gaixorik daude, baina Terexari bere osasunak baino intxaurrondoarenak sortzen dio kezka», aurreratu du. Intxaurrondoaren gaixotasunari konponbide bat aurkitu nahi dio Terexak eta hori da kontakizunaren ildo nagusia.
Biziberritzearen kontzeptua da batez ere landu duten gaia, baina euskararen arnasguneek herri txikietan duten eragina edo herri txikien egora ere islatuta ageri dira kontakizunean.