Alberto Bezunartea da Legazpiko Berdeak taldearen alkategaia
Zinegotzia da legealdi honetan Legazpiko Udalean, eta aurrekoan ere izan zen.
Legazpiko Berdeak-Independenteak taldeko Batzarrak Alberto Bezunartea aukeratu du alkategai datozen udal hauteskundeetarako. Bezunartea zinegotzia da legealdi honetan Legazpiko Udalean, eta aurreko legealdian ere bai.
Berdeak taldearen hautagaiak 52 urte ditu. Ingeniari agronomoa da, master bat du ingurumenean eta lan arriskuen prebentziorako goi mailako teknikaria da, baita energia eraginkortasunerako teknikaria ere. Gaur egun energiaren alorrean lan egiten du autonomo gisa, aurrezpen eta eraginkortasun eta energia berriztagarriak instalatzeko proiektuak lantzen. Goiener energia kooperatibako bazkide sortzailea da, eta Gure Energia euskal plataformako kidea ere bai.
Kudeaketa publiko zorrotza
Bezunarteak dioenez, “Legazpiko herritarren eta kolektiboen premiei erantzuteko lan egingo dugu, eta kudeaketa publiko zorrotza, konprometitua eta atsegina defendatuko dugu, gardentasuna, herritarren parte hartzea, pluraltasuna eta gertutasuna ikur izango dituena”. Berdeak taldeko Batzarrak uste du ezinbestekoa dela herritarrak aktiboki entzuteko bideak irekita izatea, Legazpin bizi diren pertsona guztien kezka eta premien “bozgorailu” izateko.
Bezunarteak, bestalde, azken bi legealdietan izan den “autoritarismoa, egozentrismoa eta protagonista izateko gogoa” ez zaiela gustatzen nabarmendu du, politika egiteko modu “zaharkitua eta kaltegarria” delako eta “agerian uzten duelako komunikazio eza eta Legazpiko gizartea osatzen duten gainerako sentsibilitateekiko errespetu falta”. Alde horretatik, ordezkatzen duen taldearen lehentasuna “herritarren ongizatea” dela azpimarratu du, eta horretarako garrantzitsua izango dela “ingurune osasungarriaz gozatu ahal izatea, enplegu duinak sortzen dituzten kalitatezko zerbitzuak izatea eta diru publikoaren erabilera eraginkorra egitea”. Ingurugiroaren errespetua, udal zerbitzu publikoen zuzeneko kudeaketa eta “guztion diruaren erabilera egokia” ere bultzatuko dituzte.
Legazpiarrek “berea bezala sentituko duten programa bat” sortuko dutela agindu du Bezunarteak, haien ideietatik, ekimenetatik eta proposamenetatik abiatuta. Horretarako, “pertsona langilez, arduratsuz, umilez, hurbilekoez eta bere bizilagunen egunerokoaren jakitunez” osatutako plataforma baten babesa izango duela nabarmendu du.