Goierri garaiko baserritarrek erabiltzen duten Zubillaga hiltegiak 2022ko balantze positiboa egin du
Ekoizpena %4 igo da, eta instalazioak hobetzeko hainbat inbertsio egin dituzte. SPRI taldearen Hazinnova aitortza ere jaso du erakundeak.
Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalen partaidetza duen Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak kaleratu duen balantzean, 2022a “urte oparoa” izan dela jaso dute. “2020 eta 2021 ekitaldietan pandemia dela-eta izandako igoeraren ondorioz, 2022koa berregituratze urtea izan da, eta pandemiaren aurreko erritmora itzuli gara”.
Zenbakietara joz, 2022 ekitaldiko ekoizpena 1.708.114 kg/kanalekoa izan dela jakinarazi du erakundeak, 2021ekoa baino %4 handiagoa. Ekoizpen horretatik 60 tona ekoizpen ekologikora bideratu direla zehaztu du, 2021eko kopurua %12 handituz. Gainera, %36a Euskal Okela zigilupean ekoiztu da, 2021ean baino %3 gehiago.
Jatorria eta ustiategi kopurua
Jatorriari dagokionez, ekoizpenaren %26ak Gipuzkoako jatorria zuen, %8ak Araban, %48ak Bizkaian eta %8ak Nafarroan. Kopuru horien aurrean, Laudioko hiltegiak (Araba) ateak itxi izana nabarmendu dute, “bertatik etorritako baserritar eta harakinei zerbitzua eman ahal izateko egindako esfortzua kontuan hartzekoa izan da, besteak beste banaketa ibilbideak aldatuz”.
Bestalde, zerbitzua erabili duten ustiategiak ere aipatu ditu iazko txostenean Zubillaga-Oñatik: guztira 1.074 ustiategiri eman die zerbitzua, 2021ean baino 34 gutxiagori. Horren arrazoi nagusia sektoreari eragindako kanpo faktoreak izan dira, “besteak beste, horniduren krisialdiaren eraginez zenbait baserritarrek gizentzeari utzi baitiote”.
Azkenik, zatitze zerbitzuan 383.046 kg./kanal zatitu eta prestatu direla azaldu dute, salmenta zuzenera, harategietara eta autokontsumora bideratzeko. Aurreko ekitaldiekin alderatuz, jaitsiera izan da kopuruetan, pandemian salmenta zuzenak igoera izan zuen, baina 2022an egoera normalizatzean, aurreko urteetako zenbakietara bueltatu da.
Inbertsioak instalazioetan
Ekoizpenaren kalitatean fokua jarrita, 2022an instalazioetan inbertsioak egin direla ere jakinarazi du hiltegiak. Animalien ongizatea bermatzea zen lanen helburua. “Duela zenbait urte ukuilu eroso eta zero sufrimenduko sakrifizio metodoa ezartzeko apustua egin zen, eta 2022an kamera ezberdinak instalatu dira prozesu guztia monitorizatzeko”.
Horrela, abelburu bat instalazioetara iristen denetik, kameren bidez monitorizatu egiten da bere egonaldi guztia, “animalia lasai eta eroso egongo dela bermatuz”.
Gizartean eragiten jarraitu
Bestalde, 2022a gizartean eragiteko duen konpromisoa berresteko urtea izan da Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuarentzat. Esaterako, Lanbide erakundearen bitartez Animaliak hiltzea, prestatzea eta zatikatzea ikastaroa eskaini du bere instalazioetan, 180 ordukoa, eta bertan “sektorearen etorkizuna bermatuko duten profesional berriak” izan dira. Horrez gain, inguruko erakundeekin elkarlanean jardun du eta, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatearekin Arkume proiektuan parte hartu du, baita ULMA Inoxtruck enpresarekin ere, karga ezberdinak manipulatzeko ekipoen integrazioan.
Amaitzeko, SPRI taldearen Hazinnova errekonozimendua ere aipatu dute, azken urteetan Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak egiten ari den lana aitortzen duena.