Begue, Garin, Esnaola eta Cortes omendu ditu Gipuzkoako Merkatarien Federazioak
90 urtetik gora lanean aritu diren dendak dira laurak. Goierri behean arrakasta izan duten 3 kasu ere aurkeztu dituzte: Vicuña, Xalo eta Maitte.
Gipuzkoako Merkatari Federazioak 90. urteurrena bete du, eta ospakizunetan murgildurik dabil. Ospakizunen artean, Jardunaldi Profesionalen Ziklo bat koordinatu dute. Donostian, Eibarren, Errenterian eta Zumarragan izan ondoren, gaur eguerdian, Ordizian izan dira. Barrena Kultur Etxeko areto nagusian, omenaldia egin die federazioak 90 urtetik gora lanean aritu diren Ordiziako eta Beasaingo bina dendari. Ordiziako Begue dendako (1925an sortua) eta Garin okindegiko (1904), eta Beasaingo Esnaola burdindegiko (1929) eta Cortes jantzi dendako (1926) arduradunek lore sorta bana jaso dute egindako lanaren aitortza gisa.
Areto nagusia jendez bete da ekitaldia ikusteko. Eskualdeko merkataritzako langile edo teknikariez gain, bertan izan dira Adur Ezenarro Ordiziako alkatea eta Leire Artola Beasaingo alkatea, Maite Valmaseda Gipuzkoako Merkatari Federazioko zuzendaria eta Iker Goitia Aldundiko turismo zuzendaria, besteak beste. Monika Rodriguez merkataritza diseinu eta estrategian adituak hitzaldia eskaini du omenaldiaren ondoren.
Omenaldiez gain, Goierri behean arrakasta izan duten 3 kasu aurkeztu dituzte: Ordiziako Vicuña, Beasaingo Xalo eta Lazkaoko Maitte.