Elbira Zipitriaren dokumentalak Beasainen eta Lazkaon ekingo dio herriz herriko birari
Beasaingo Usurbe antzokian bihar (asteartea) eta Lazkaoko Arerian etzi (asteazkena) ikusi ahalko da 'Elbira' dokumental fikzionatua. Frankismo aurrenean, ikastolen hasierako aitzindaritzat jotzen den irakasle eta euskaltzalearen bizitzaz da. Goierrin emanaldi gehiago ere iragarri dituzte.
Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 – Donostia, 1982) irakasle, euskaltzale eta ikastolak sortzen aitzindari izandakoari buruzko Elbira dokumental fikzionatua Goierrin ikusi ahal izango da, herrikako estreinaldien biraren barruan. Beasainen, Usurbe antzokian emango dute, asteartean (otsailak 14) 20:15ean. Sarrera doan da. Lazkaon, asteazkenean (otsailak 15), Areria antzokian 20:00etan da emanaldia; sarrera doan da han ere (lazkao.eus-en erreserbatu behar da lekua).
Elbira dokumentala Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua da, eta Baleuko etxeak ekoitzia. Abendaren 26an izan zen lehenbiziko estreinaldia, Donostian, Zipitriaren heriotza egunetik 40 urtera doi. Aldundiaren ekimenez, abiatuta dago herrietako emanaldien bira.
Goierriko emanaldiak
Ordizian otsailaren 2an eman zuten. Aste honetako Beasaingo eta Lazkaoko saioen ondoren, Goierrin beste zazpi herritan ikusi ahalko da: Ataunen (martxoak 5), Olaberrian (martxoak 8), Zumarragan (martxoak 16) eta Itsasondon (martxoak 17). Ezkio-Itsason, Ormaiztegin eta Urretxun ere emango dute Elbira, baina egunak zehazteko daude.