Urretxuar eta zumarragarren elkartasun erakustaldia
Atzo eta gaur Turkiarako eta Siriarako arropa bilketa egin dute Zumarragako Bidezar kalean, La Palmarako bilketa antolatu zuen taldeak antolatuta. Urretxuar eta zumarragarren erantzuna ikusgarria izan da. Jasotako helduentzako eta haurrentzako neguko arroparekin (berokiak, txanoak, bufandak, eskularruak, polarrak, leotardoak, mantak, edredoiak, neguko maindireak…) dozenaka eta dozenaka kaxa bete dituzte. Bihar goizean DYAren Bilboko egoitzara eramango dute.
Antolatzaileak hunkituta ageri dira. “Erantzuna hunkigarria izan da. Arabiar asko etorri dira, adineko bizilagun asko… Atzo goizean boluntario gutxi batzuk joan ginen lanera, jende gutxi etorriko zela pentsatzen genuelako. Berehala, jende gehiagori deitu behar izan genion. Atzo zortzi bat lagun hasi ginen eta gaur 20 baino gehiago aritu gara lanean. Arropa ekartzera etorri den jende asko, laguntzera gelditu da. Jendeak ekarritako guztia ez zen lokalean sartzen eta kalean egin behar izan dugu sailkapen lana. Azkenean, dena sailkatu eta kaxetan sartu ondoren, lokalean sartu ahal izan dugu”, aipatu du Ines Benitezek.
Eskerrak eman nahi dizkiete guztiei. “Eskerrak eman nahi dizkiegu arropa ekarri duten Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako bizilagun guztiei. Baita laguntzera gelditu direnei, bihar arropa Bilbora eramango duten garraiolariei eta kaxak eman dizkiguten merkatariei ere”.