Ardi gazta berria iritsi da feriara
Ardiarena, behiarena eta ahuntzarena, eta nahasia. Aukera zabala dago gazta aldetik, baita horien prezioan ere. Marrubi landareak ere hasi dira, eta kanpoko produktuen artean babak aipatu behar dira.
Eguraldi eta giro paregabearekin egin da Ordiziako feria gaur. Termometroak 10 gradu markatzen zituen 09:00 inguruan, eta epeltzen joan da tenperatura goizak aurrera egin ahala, erosle eta bisitari kopuruak ere gora egin duen bitartean. Ohikoez gain, gaur Lazkaoko Maizpide barnetegiko ikasleak ibili dira plazan postuz postu, baita Mondragon Unibertsitatean ikasten ari den laukote bat ere, Atsuen kontuak telebista programa grabatzen.
Bestelakoan, berritasunik gabeko azoka izan da, gazta berriaren aurkezpena kenduta.
Ardi esne berria
Ardi esnearekin egindako gazta berria izan da Ordiziako azken feriako erregea. Gazta saltzaile guztiek daukate dagoeneko aukeran, eta laster Idiazabal jatorri izendapenekoa hasiko dela aurreratu dute. Bitartean, aukeran daude Idiazabalgo Lonbita eta Amezketako Oteiza-Goikoa markakoak Itziar Etxeberriaren postuan, Olaztiko (Nafarroa) Ori markakoa Patxi Atienzarenean eta Amezketako Oteiza-Goikoa eta Intzakoa (Nafarroa) Mikel Lasarenean.
Aurtengo ardi gaztak kiloko 18,5 eta 20,5 euro arteko prezioarekin hasi du denboraldia.
Gazta eskaintza zabala
Ardi gazta berriaren iritsierak aitzakia jarri du ferian dagoen gazta eskaintzari errepasoa egiteko. Ardiarena, behiarena, ahuntzarena eta behi eta ardi esnea nahastuta edo behi, ardi eta ahuntz esneak nahastuta egindakoak daude aukeran, produkzio industrialekoak, artisautzakoak eta ekologikoak.
Ekoizpen mota horrek eta esnearen jatorriak jartzen dute prezioa, hain zuzen. Hori dela eta, abaniko zabala dago prezioei dagokienez. Ardi esnearen gazta, hasteko, 18,50 eta 23 euro artean dago kiloa, eta garestienen artean Idiazabal jatorri deiturakoak daude. Behi esnearekin egindako gaztak, berriz, 12 euro eta 19 euro artean (garestienak Zuberokoak dira). Ahuntz esnearen gaztak 17,5 eurotik 22 eurora du kiloa, eta horien artean ere Zuberokoak dira garestienak. Gazta nahasien artean, behi-ardi nahasketakoa 13,5-15 euroan dago, eta behi-ardi-ahuntz formulakoa 13,5 eta 16 euro artean.
Gaztanbera, gazta urdina, gazta zaharra, gazta krema, laktikoa, pasta bigunekoa, ondua, xamurra, erdi-ondua… Gaztaren alorreko aukerak ez du ia mugarik Ordiziako ferian.
Marrubi landareak
Eguraldiak eta tenperaturek hobera egin dute azken egunetan, eta landare saltzaileak hasi dira mugimendu apur bat sumatzen salmentetan. Orain, esaterako, bitarteko porruaren eta tipula buru zabalaren garaia da, baina marrubiekin ausartzen denik ere bada, eta horientzat bada landarea Plaza Nagusian, Ibarrako Iguategikoek eta Montesekoek eskainita, landare bakoitza euro batean.
Loreetan ere udaberriari begirako eskaintza hasita dago, baina Maria Dolores Mendizabalek aipatu duenez, goiz da oraindik eta jendea ez da asko animatzen. Hamabost egun barru geranioekin hasiko dela ere aurreratu du.
Kanpokoetan, baba
Hemengo ekoizleek ez dute berritasunik aurkeztu feria honetan, baina fruta sailtzaileen artera iritsi da produktu berri bat, baba. Kiloa 3,95 euro artean zuten salgai.