Doinuako fanfarreak inauteri giroa zabaldu du herrian zehar
Agirre-Etxeberritik hasita, erdigunea zeharkatu dute inauteri musikarekin. Bihartik igandera arte ekitaldi ugari izango dira Legazpin.
Legazpiko inauteriak martxan daude. Ilintik dendak apaindu ditu eta argazki lehiaketa jarri du martxan, gaur goizean Tipi-Tapako kideak mozorrotuta atera dira osteguneroko ibilaldia egitera, eta arratsaldean, inauteri musika zabaldu dute herriko erdigunean zehar Doinua musika eskolako ikasleek.
Doinuak 17:00etan hasi du Ostegun Gizen honetako festa Agirre-Etxeberrin, ikasle txikienek mozorrotuta egin duten emanaldiarekin. Eskolako hainbat ikaslek eta irakaslek osatzen duten fanfarrearen txanda izan da ondoren, eta horrek kalejira egin du Kale Nagusian, plazan eta Nafarroa kalean zehar, atzetik jende ugari eramanez. Bidean geldialdia egin dute taldeko argazkia ateratzeko. Fanfarrea bihar aterako da berriz kalera, plazan arratsaldea girotzeko.
Bihar jarraituko dute Legazpiko inauteriek, ikastetxeen desfilearekin, Lintx eta Katamaloen etorrerarekin eta kaleko eta tabernetako festa giroarekin. Larunbatean gazteen festa eguna izango da, mafiari eskainita Gazte Asanbladak antolatutako ekitaldi sortarekin, eta igandean Sustraiak dantza taldeak eta hainbat herritarrek Luzaideko inauteriaren konpartsa kaleratuko dute.