Legazpiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko eta Meaztiko langileak kexu dira enpresa berriarekin
Zerbitzuen esleipena hartu duen enpresarekin oraindik ez direla elkartu eta langile batzuk otsailaren 16ra arte kobratu gabe egon direla jakinarazi dute.
Legazpin etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta Meazti etxean lan egiten duten langileek ohar bat kaleratu dute, zerbitzu horien kargua hartu duen enpresarekin bizi duten egoera jakinarazteko.
Oharrean azaltzen dutenez, etxez etxeko laguntza zerbitzua eta Meazti etxekoa lau urtero esleitzen ditu udalak, enpresa adjudikatzaileak langile guztiak subrogatzeko baldintzarekin. Azken esleipena aurten egin du udalak, eta urtarrilaren 16tik Aralia Servicios enpresa arduratzen da zerbitzu horiek emateaz. Langileek diotenez, “gaurko egunera arte [otsailak 16], langileok ez dugu inolako informazio bilerarik izan enpresarekin, eta langileotako batzuk, gainera, ez dugu gaur arte kobratu”.
Udala egoera horren jakitun dela ere azaldu dute oharrean, baina ez dela batere arduratu salatu dute. “Bakarrik sentitzen gara, udalak eta alderdi politiko guztiek abandonatu egin gaituztela uste dugu”.
Egoera konpondu ezean, datozen egunetan mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute.