Binakako Txapelketako jaialdian Natale Aranburu lazkaotarrak jokatuko du, bihar Lazkaon
Pilotari gaztea Emakumeen II. Binakako Txapelketan ari da parte hartzen, Promozio mailan . Herrian, bihar, aurreneko partidan jokatuko, Perezekin. Bigarren partida 1. Mailakoena da. Plazako pilotalekuan da jaialdia, eguerdian.

Lazkaok emakumezkoen kirolari tartea egingo dio, bihar. Iaz bezala, aurten ere emakume pilotarien arteko Binakako Txapelketa Nagusiko jaialdi bat antolatu dute herrian Ados elkarteak eta udalak. Plazako pilotalekuan, 12:00etan hasiko da.
Berezko ikusminaz gain, lazkaotarrentzat pizgarri bat gehiago ere badu aurtengo pilota jaialdiak. Natale Aranburu lazkaotarrak jokatuko du. Lapke pilota elkartean dabil Aranburu.
Final-laurdenen bukaeran dago Binakako Txapelketa Nagusia. Bi kategoriatako partida bana jokatuko dituzte Lazkaon, sailkatze faseko azkenak. Promoziokoa lehenbizi –Aranburu lazkaotarrak hor jokatuko du–, eta 1. Mailakoena ondoren.
Promozio mailan nahiz eta larunbateko partida falta, erabakita daude finalaurrekoak, baita finaleko bikote bat ere: Aiala Gordon eta Oskoz. Beste finalaurrekoan N. Galeano-Arrastia eta Ibarrola-Insausti bikoteak ariko dira.
Finalisten aurka
Lazkaon bihar, hain justu, Promozioko finalista Gordon-Oskoz bikoteak jokatuko du, eta haien aurka ariko dira Aranburu eta Perez, jaialdiko lehenbiziko neurketan.
Ondoren, bigarren partidan, oraindik irekiago dagoen 1. Mailako bi bikote lehiatuko dira. Sei jardunaldi jokatu ondoren, Maddi Barrocalek eta Olatz Ruiz de Larramendik poltsikoan du dagoeneko finalaurrekoetarako txartela, orain arteko partida guztiak irabazi baitituzte. Sailkapenean zazpigarren dauden Arrieta-Zabala izango dituzte aurkari, partida bat irabazita, jada aukerarik gabe.
Pilota jaialdia
Binakako txapelketa
- Lehiaketa. Emakumeen arteko II. Binakako pilota txapelketa
- Lekua. Lazkaoko plazako pilotalekua.
- Eguna. Bihar, larunbata, otsailak 18
- Ordua. 12:00
Partidak
- 1. partida. Promozio mailakoa. Aranburu-Perez / Gordon-Oskoz
- 2. partida. 1. Mailakoa. Barrokal – Ruiz de Larramendi / Arrieta-Zabala

Emakume pilotariak, iaz, Lazkaon./Iñaki Gurrutxaga