Musika ikasleen emanaldiekin Musikaldia egingo dute Lazkaon
Asteazkenean, ostegunean eta ostiralean bost kontzertu egingo dituzte Lazkao Txiki Musika Eskolako ikasle taldeek eta tresnetakoek.
Lazkao Txiki Musika Eskolak ikasleen entzunaldiak antolatu ditu aste honetarako. Asteazkenean, ostegunean eta ostiralean garatuko dute aurtengo Musikaldia. Egun bakoitzean bina kontzertu izango dira, ostiralean izan ezik –bakarra–. Areria antzokian dira emanaldi guztiak.
Bihar, asteazkena, 17:00etan, musika hezkuntza goiztiarreko taldekoak, tailerretakoak eta musika-tresnetako ikasleak ariko dira entzunaldian. Ondoren, 18:30ean, hastapeneko ikastarokoak eta tresnetako beste ikasle batzuen txanda izango da.
Ostegunean, lehenengo emanaldian (17:00etan) tailerretako eta musika-tresnetako ikasleak ariko dira; eguneko bigarren kontzertuan (18:30), hastapen mailakoak eta tresnetakoak.
Azkenik, ostiralean, 18:30ean, ikasle helduen taldearen kontzertuarekin bukatuko da Musikaldia. Sarrerak doan dira, eta Areriako txarteldegian bertan hartu behar dira.