Martxoaren 3ko gertakariak ez ahazteko, erakusketa ikusgai Legazpin
Burdinola elkarteko Memoria Historikoaren sailak antolatu du. Martxoaren 10era arte egongo da ikusgai bihartik Kultur Etxean, 'Martxoak 3, ez dugu ahazten' izenburupean
Bihartik, aldarrikapen kutsua duen erakusketa egongo da ikusgai Legazpiko Kultur Etxean, Martxoak 3, ez dugu ahazten izenburupean. Burdinola elkartearen Memoria Historikoaren atalak antolatu du, biktimen memoria berreskuratzen diharduen duen Aitor Ibañez de Garatxana kidearen bitartekaritzarekin.
Argazkiz osaturiko panelak izango dira erakusketan eta horietan, 1976ko martxoaren 3an Gasteizko Zaramaga auzoan gertatutako sarraskiaren eta haren ondorengo gertaeren berri ematen dute. Martxoak 3 elkarteak egindako erakusketak egun hura eta ondorengo gertakariak ez ahazteko helburua du.
Kaltetua familian
Ibañez de Garatxanak gertutik ezagutu zituen martxoaren 3ko gertakariak, Zaramaga auzoan bertan bizi zelako eta aita biktimetako bat izan zelako. 1976ko urte hasierako haiek langileen eskubideen aldeko aldarrikapen egunak eta greba egunak zirela gogoratu du, baita estatuaren aldetik langile haiek jasaten zuten errepresioa ere.
Zaramagako San Frantzisko elizan martxoaren 3an egiten ari ziren asanblada batetik irtetean Espainiako poliziak tiroka hartu zituen langileak, eta guztira bost hildako eta 150 zauritu utzi zituen. «Nire aita zauritu haietako bat izan zen, eta horregatik gara familiakoak Martxoak 3 elkarteko kideak. Berriki aita biktima gisa aitortzea lortu dugu».
Egia, justizia eta erreparazioa helburu
Egun hartako kronika jasotzen du bihartik Legazpin ikusgai egongo den erakusketak, baita haren aurrekariak eta ondorengo egunetako gertaerak ere. «Kaltetuek egia, justizia eta erreparazioa eskatuz amaitzen da kontakizuna», Ibañez de Garatxanak dioenez. «Ez dugu inolaz ere ahaztuak izatea onartuko. Gogoratu egin behar ditugu, eta gertatutakoaren egi osoa eskatu behar dugu».
Erakusketa gaur irekiko dute, 17:30ean, eta Ibañez de Garatxana bertan izango da, aurkezpen labur bat egiteko. Martxoaren 10era arte egongo da ikusgai, astegunetan, 17:30etik 20:30era, eta Burdinolak bisita gidatuak eskainiko ditu, herriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta.