Zuhaitzak landatuko ditu udalak herri barruko hainbat gunetan
San Joanen, Laubiden, Domingo Agirre enparantzan eta Arantzazu auzoan hamahiru zuhaitz eta lau zuhaixka landatuko dituzte. Kimaketa kanpainan zehar zortzi zuhaitz bota dituzte.
Zuhaitz landaketak egingo ditu Legazpiko Udalak negu bukaeran herriguneko hainbat gunetan. Hamahiru zuhaitz eta lau zuhaixka landatuko ditu San Joanen, Laubiden, Domingo Agurren eta Arantzazu auzoan.
Aurtengo kimaketa kanpainan hainbat zuhaitz osasun egoera txarrean edo puskatzeko arriskuan zeudela ikusi dute, eta arrazoi horregatik, zortzi zuhaitz moztu dituzte. Datozen asteetan zuhaitz berriak landatuko dituela ere iragarri du, herriko sei eremutan, hain zuzen. Landatuko dituzten espezie gehienak loredun gereziondoak eta loredun madariondoak dira. Laubideko parke estaliaren ondoan, lau Prunus Accolade sartuko dituzte, San Joan auzoan lau Pyrus Chanticleer, Domingo Agirre plazan Prunus Yedoensis bat, San Joan auzoko haur eskolaren ondoan Ginkgo Blobafastigiata bat, Arantzazu auzoan lau Callistemon Laevis zuhaixka; eta Laubideko parterreran hiru Prunus Incisa ‘Mikonori’.
Iazko neguan ere burutu zuen horrelako zuhaitz landaketa kanpaina. Orduan herriko zazpi eremutan jardun zuen eta 36 zuhaitz sartu zituen, sei espezie desberdinetakoak. Horietako bat, irudian ikusten dena da, San Ignazio auzoko parkean landatutako madariondoa (Pyrus Calleriana).