Alaitasuna errondailak gonbidatuta, Iruñeko Sacalfi taldeak kontzertua egingo du larunbatean Latxartegin
Musika latinoa jotzen eta abesten dute iruindarrek. Hamalau piezez osaturiko egitaraua prestatu dute, eta Alaitasunarekin batera beste bi abesti interpretatuko dituzte.
Alaitasuna errondailak beste musika talde batzuekin egiten dituen elkartrukeen programaren hurrengo gonbidatua Iruñeko Sacalfi taldea izango da. Larunbatean, martxoak 4, Latxartegi aretoan egingo dute kontzertua iruindarrek, 19:00etan. Sarrera doan izango da.
Sacalfi 2009an sortutako taldea da, ahotsez eta soka instrumentuz osatutakoa eta boleroak eta latindar musika jorratzen duena. Errepertorio zabala dute, eta hainbat erritmo eta doinu jotzen eta abesten dituzte: guajirak, mexikar son jarotxoak, boleroak, son kubatarrak, guaratxak edo venezuelar pasarteak.
Legazpiko kontzerturako hamalau piezez osaturiko egitaraua prestatu dute, eta Alaitasuna errondailako kideekin batera beste bi abesti ere interpretatutako dituzte, Txoria Txori eta Los Amigos, hain zuzen.