Egun batez errotari eta okin izateko gonbidapena luzatu du Lenbur Fundazioak
Brinkolako Igaralde baserrian eta errotan egingo dituzte saioak, martxoko igandeetan. Izena eman behar da aurretik.
Lenbur Fundazioak familia planak jarriko ditu berriz ere martxan, eta igande honetan hasita, egun batez errotari eta okin izateko aukera eskainiko du, Brinkolako Igaralde baserrian egingo dituzten saio bereziei esker. Martxoko igandeetan izango dira familia plan horiek, 11:00etan hasita.
Igaralden dagoen Ogiaren Txokoa museoan hasiko da saioa. Tibur Agirrek gidatuta, zekale desberdinak ezagutu eta baserriko ogia egiteko prozesua nolakoa den ikusiko dute partaideek. Ondoren, nagusiek zein haurrek ogi opiltxo bat egiteko aukera izango dute. Opiltxoa labean sartu eta egiten den bitartean, baserri ondoko Igaralde errota martxan ikusteko parada izango dute. Errotan, haurrek galbahea zer den ikusi eta erabiltzeko aukera izango dute. Bisita bukatzeko, Igaralde errotako antzara eta ahateei ogi gogorra emango diete.
Plaza mugatuak dira eta izena eman behar da aldez aurretik Mirandaolako turismo bulegoan, 943 73 04 28 telefono zenbakira deituta.