Ataunen hasi dira Martxoaren 8a ospatzeko ekitaldiekin
Biboletak emakume taldeak eta Otsoak dantza taldeak bideo bat grabatu dute elkarlanean, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Martxoaren 8an bertan emango dute argitara.
Martxoaren 8a ospatzeko, ekitaldiz bete dituzte datozen egunak Ataunen Martxo Morea izenpean. Gaur grabatutako bideoarekin hasi dira ekitaldiak.
Biboletak emakume taldeak eta Ataungo Otsoak dantza taldeak egindako deialdiari, adin askotako 50etik gora ataundar elkartu dira San Martin Plazan emakumeen aurkako bortizkeria salatzeko asmoz bideo bat grabatzeko. Bideoa martxoaren 8an bertan jarriko dute ikusgai. Bideoan tratu txarren adibideak ikusiko dira, antzeztuta, eta dantzaz eta musikaz lagunduta.
Martxo Morearen barruan izango dira ekitaldi gehiago. Bihar igandea Elbira Zipritiari buruzko dokumentala eskainiko dute, martxoaren 8an bertan elkarretaratzea egingo dute, hilaren 10ean afari morea egingo dute, eta hilaren 22an Otsoirakurleekin batera antolatutako literatur tertulia izango da.