Gizarte Sariak banatuko ditu Legazpiko Udalak, bigarrenez
Gloria Martinez de Gereñu eta Jose Ramon Hernandez izango dira saridunak. Etzi jasoko dute aitortza, legazpiarren alde egindako lanagatik. Ekitaldia Kultur Etxean da, 19:00etan.
Gloria Martinez de Gereñuk eta Jose Ramon Hernandezek jasoko dituzte aurten Legazpiko Gizarte Sariak. Etzi ostirala, hilak 10, 19:00etan izango da sariak emateko ekitaldia, Kultur Etxean. Legazpiar guztiak gonbidatu ditu udalak ekitaldian parte hartzera, «saritutako pertsonak zoriontzeko».
Legazpiko Udaleko Gizarte Ekintzako Zerbitzuak sortu zituen iaz Gizarte Sariak, eta aurten bigarren aldiz emango ditu. Gizarte arloan herritarrek egindako lanari aitortza egitea dute helburu. Sariaren bidez, «programa eta proiektu desberdinetan parte hartzeagatik, borondatez laguntza eskaintzeagatik eta Legazpiko gizarte lan komunitarioan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsonak edo erakundeak aitortu eta eskertu» nahi ditu udalak. Aitortza eta eskertza horren ikur, Juan Mari Burgueraren eta Ricardo Mediavillaren artean egindako orogarriak aukeratu dituzte.
Nagusilaneko kideak
Aurtengo sarietarako aukeratutako bi legazpiarrak ezagunak dira herrian, besteak beste, Nagusilan elkartean egindako boluntario lanagatik. Hernandezek iaz elkarte horren omenaldia jaso zuen, nagusiak laguntzen urte asko jardun eta gero boluntario lan hori utzitakoan. Martinez de Gereñuk oraindik jarraitzen du zeregin horrekin.
Sarien lehen edizioan ere gizarte arloko lan boluntarioan urteetako ibilbidea egindako beste hiru pertsonari egin zion aitortza udalak, hain justu lan horregatik. Iazko saridunak Manuel Hernandez eta Maria Jesus Abanda eta Antonio Leza senar-emazteak izan ziren, hirurak ere Nagusilan elkarteko kideak.