Legazpiko Ikasgela, ikasturtearen bigarren zatiari aurre egiteko prest
Uztailaren 7ra arte egongo da irekita. Ikasturteko lehen aldian 52 erabiltzaile izan ditu zerbitzuak.
Legazpiko Ikasgela berriz ere irekita dago, ikasturteko lehen aldiaren ondoren atseden labur bat hartu eta gero. Martxoaren 3an ireki zituen berriz ere ateak zerbitzu honek, aurreikusita zegoen data baino hiru egin lehenago, ikasleek horrela eskatu dutelako. Uztailaren 7ra arte egongo da zabalik.
Saturnino Telleria kaleko lehen zenbakian kokatuta dagoen Ikasgela ikasleei zuzendutako zerbitzu bat da, ikasteko gune bat hain zuzen. Herrian erroldatuta egotea eta heziketa zikloak edo unibertsitate ikasketak egitea dira eskatzen dizkieten baldintzak.
Zerbitzua erabiltzeko txartel bat ematen die udalak eskaria egiten duten ikasleei, irekiera ordutegiaren barruan nahi dutenean sartzeko eta irteteko. Astegunetan, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 21:00etara dago zabalik, eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 09:30etik 20:30era.
Ikasturte honetako lehen aldian 52 txartel banatu zituen udalak. Iazko urriaren 17an ireki zen, eta otsailaren 17an itxi. Erabiltzaileek ondo baloratu dute zerbitzua, 10etik 6,8 punturekin, eta gustura hartu dute asteburuetako ordutegia aurreko ikasturtea baino ordu erdi luzeagoa izatea.