Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi, Beti Gazte taldeko arimak
Ostiralean hil ziren, auto istripuz, Lleidan. Herrian oso ezagunak ziren, eta oso eragile aktiboak ziren kultur arloan.
Andoni Zabaletaren eta Igor Iñurritegiren heriotzak gogor kolpatu du Legazpi, oso ezagunak izateaz gain, herriko kultur eragile oso aktiboak zirelako. Gazte-gaztetatik Legazpiko hainbat mugimendutan nahastuta egon dira, eta azkenaldian Beti Gazte Animakzio Taldean ari ziren lanean.
Igor Iñurritegik 42 urte zituen eta ingeniari agronomo gisa lan egiten zuen Eusko Jaurlaritzan. Aurretik, Kukue tabernako langilea izan zen urteetan, eta San Migel baserrian familiarekin batera sortutako nekazari proiektuan buru-belarri jardun zuen, herriko kontsumo talde bat bertan ekoitzitako produktuekin hornituz.
Andoni Zabaletak 45 urte zituen, eta beste enpresa batzuetan lan egin eta gero, Zumarragako Telleria Tailer Mekanikoak lantegian lan egiten zuen egun.
Batera egindako bide emankorra
Biak lagun minak ziren, eta batera egin zuten gazte eta kultur mugimenduetan egindako bide emankorraren zatirik handiena. Legazpiko Gazte Asanbladan hasi ziren, eta Beti Gazte Animakzio Taldean zeuden murgilduta azken aldian. Horren baitan, besteak beste, desagertzeko zorian zeuden San Ignazio auzoko jaiak antolatzeari ekin zioten, eta Lekanazpi elkartearekin batera asteburu mikologikoa berreskuratu zuten. Hotz Legazpirekin eta Zine Klub elkartearekin elkarlanean ere jardun zuten, eta Legazpiko Gazteak kirol elkartean ere laguntzen zuten. Bestalde, komunikabide honen deiei erantzuteko beti gertu izaten ziren biak.
Arrasto sakona utzi dute bi legazpiar hauek herrian. Astean zehar agurtuko dituzte familiakoek eta lagunek.